Irakurri hemen Lehendakariaren 44/2020 dekretuari buruzko xehetasun guztiak

0

Hauek dira Lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 dekretuan agertzen diren neurri berriak, gure herriko egunerokotasunera ekarriak.

MUGIKORTASUNA:

  • 2020ko abenduaren 24tik 25era eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, zirkulatzeko askatasuna mugatzearen hasiera-ordua 01:30ean izango dela, soilik etxera itzuli ahal izateko. Ordutegi hori ez da inola ere erabiliko bilkura sozialetara joateko.
  • Erabaki da pertsonek haien bizilekua kokatuta dagoen udalerrira sartzeko eta irteteko duten murrizketa kentzea, baina, 2020ko abenduaren 23ra arte eutsi egingo zaio pertsonak bizi diren Lurralde Historikotik ateratzeko eta sartzeko murrizketari, artikulu honetako salbuespena salbuespen; dena den, Lurralde Historiko ezberdinetakoak izanagatik, mugakide diren udalerrien artean mugitzea baimentzen da.
  • 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra, muga kendu egiten da Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko joan-etorrietarako, baldin eta pertsonak senideen edo hurbileko pertsonen ohiko bizilekura joaten badira.

PERTSONA TALDEAK:

  • Erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalekoetan, eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona taldeen mugaK 6koa izaten jarraituko du.
  • 2020ko abenduaren 24tik 2020ko abenduaren 25era bitartean eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean, Eguberri-bazkariak eta -afariak egiteko familia-bilkuretan, hamar lagun bilduko dira gehienez. Gomendatzen da bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez elkartzea.

OSTALARITZA:

  • 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, jendearentzat berriz irekitzeko, beharrezkoa izango da COVID-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 eguneko Intzidentzia Tasa Metatua 500 baino gutxiagokoa izatea 100.000 biztanleko, eta establezimenduak itxita egon beharko dira tasa hori aipatutakoaren berdina edo handiagoa bada. Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astero, astelehenetan eta ostegunetan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat zabalduko da, udalerrietako tasen zerrendarekin, eta erreferentzia eraginkorra izango da, hurrengo egunetik aurrera establezimenduak irekitzeko edo ixteko.
  • Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak gehienez ere 20:00etan itxi beharko dira –bezeroak ateratzea barne–, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat. Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta, eta, edonola ere, itxita egongo da beste edozein zerbitzu eskaintzeko. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.
  • Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek berriz irekitzeko gaituta badaude, aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta gehienez ere edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko erabilgarritasuna izango dute barruan. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da, nolanahi ere. Mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira sei baino gehiagokoak izan. Lau lagunentzako mahai prestatuetan, lau bezero bakarrik bildu ahal izango dira, eta bi mahai batu ahal izango dira gehienez sei laguneko talde baterako. Berariaz ez da gomendatzen establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ikustea.
  • Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta hauen inguruan ez erretzea.

KULTUR EKIPAMENDUAK:

  • Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).

KULTUR JARDUERAK:

  • Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik.
  • 2020ko abenduaren 21etik 2021eko urtarrilaren 6ra bitartean, ezin izango da ekitaldi presentzialik egin, baldin eta aglomerazioak eragiten badituzte, hala nola kantu-taldeak Gabon gauean edo Errege bezperan; kaleko jaiak, kanpaikadak direla eta; San Tomas eguneko ospakizunak; «Sansilbestreak» motako kirol-probak edo antzekoak; edo kabalgatak edo mugimenduan egiten diren beste ekitaldi batzuk, adibidez, Olentzero edo Errege Magoak direla-eta.
  • Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere ehuneko 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin.
  • Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehieneko edukiera baimenduarekin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte.

KIROLA: INSTALAKUNTZAK ETA JARDUERA FISIKOA:

  • Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola, taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da, bai entrenamenduan, bai lehiaketan, atal honetan jasotako salbuespenetan izan ezik. Honako hauek egin ahal izango dira:

    – Lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak.

    – Kirol federatuaren entrenamenduak, zeinak gehienez 6 pertsonako taldeetan egin ahal izango baitira. Eskola-kirolaren berrekitea Eguberri-aldiaren amaierara arte atzeratzen da, betiere Eguberri osteko epidemia-egoerarekin bat etorriz.

    – Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko berrogeira mugatuta badago.

  • Jarduera fisikoa edo kirola egiteko, igerilekuetan izan ezik, maskara erabili beharko da. Maskara hori nahitaez erabili beharko da gimnasio edo esparru itxietan, hiri-inguruetan eta jende asko biltzen den lekuetan. Salbuespen bakarra izango da: jarduera fisiko biziko aparteko uneak eta lehiaketak.
  • Aldagelak erabili ahal izango dira betiere gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira.
  • Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

TXOKOAK, LONJAK ETA ELKARTE GASTRONOMIKOAK:

  • Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

BEILAK ETA EHORZKETAK:

  • Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.
  • Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada. Leku itxian bada, 10 pertsona.

KULTU LEKUAK:

  • Kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren ehuneko 35 gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da.

MERKATU EZ-SEDENTARIOAK (merkadilloak):

  • Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan, ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago.

HEZKUNTZA:

  • Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera, dagokien erregistroan inskribatuta badaude, presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonarekin.

JOKO ETA APUSTU ETXEAK:

  • Joko eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea erabaki da.

EHIZA ETA ARRANTZA:

  • Ehiza-jarduera mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

    Ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

    LABI batzordearen bilera, eguaztenean. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina