Errebala Txikiñeko parkea eraberrituko da, zuhaitzak aldatuz eta umeen jolasleku berria ipiniz

0

Errebala Txikiñeko berdegunea eraberrituko du Ondarroako Udalak. Espazio horretan bi izango dira egingo diren aldaketa nagusiak: alde batetik, gaur egun dauden zuhaitzak kendu egingo dira, onddo baten ondorioz gaixotuta daudelako, eta beste aldetik, umeentzako jolasgune berri bat ipiniko da.

Zuhaitzak (robinia pseudoacacia) aste honetan kentzea da asmoa, onddoak eraginda lehortuta baitaude, erortzeko edo apurtzeko arriskuarekin haize boladaren bat datorrenean. Gaur egun batzuk dagoeneko moztuta daude, istripuak saiheste aldera. Enpresa espezializatu batek kenduko ditu zuhaitzak, seguruena bihar (abenduak 23, eguaztena). Zuhaitz horiek kendu eta gero, beste zuhaitz berri batzuk landatuko dira Errebala Txikiñean.

Kaltetutako zuhaitzetako bat.

Behin zuhaitzak egongortuta daudenean umeentzako ziburuak ipiniko dira, Gaztelekua eta Etxelila dauden eraikinetik gertuen dagoen esparruan. Ziburu horiek, nahiz eta egitura bat izan, adin tarte ezberdinetako eta garaiera ezberdinetako umeentzako elementuak edukiko dituzte. Lehenago ere bazeuden ziburuak inguru horretan, Artibai egoitzaren aurrean hain zuzen, eta orain berdegunean ipiniko dira. Udalak uste du inguru horretan badagoela gabezia bat umeentzat ziburu haiek kendu zirenetik, eta hutsune hori betetzera dator asmo hau.

Txakur kakak. Umeen jolasak eta berdegunea bera errespetatzea oso garrantzitsua izango da, batez ere txakur jabe batzuen aldetik. Asko dira txakurrak inguru horretara eramaten dituzten jabeak baina bertan agertzen diren kakak ere asko ugaritu dira azken boladan. Honi lotuta, udalak kanpaina bat abiaraziko du urtarrilean txakur kakak batzearen garrantziaz konturatuarazteko txakur jabeei; nahiz eta gehienek behar bezala betetzen dituzten euren betebeharrak txakur jabe batzuk badaude euren txakurren kakak batzen ez dituztenak.

[IRAKURRI HEMEN TXAKURREN ORDENANTZA]

[IRAKURRI HEMEN TXAKURREN ORDENANTZA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina