Artapuntan eraitsi zuten monumentu frankista kentzeko lanak hasiko dira astelehenean

0

2019ko urtarrilaren 12an eraitsi zuten ezezagun batzuk Artapuntan zegoen monumentu frankista. Baleares gerraontzi frankistan hil ziren Ondarroako hemezortzi marinelen omenez eraiki zuten, 1958an. Ez du egungo Memoria Historikoaren legedia betetzen. Gurutzean aipatu herritarren izenak agertzen ziren, honako esaldi honekin batera: Jainkoaren eta Espainiaren alde beren bizia eman zuten ondarroarren omenez.

Dongre eraikinaren inguruan egiten ari diren lanak baliatuz, ezezagunek eraitsitako ikur frankista behin betiko kenduko da eremu horretatik. Eraitsi zuten unean bertan, Ondarroako Udalak gurutzea ez zuela berregingo esan zuen eta espazio hori beste helburu baterako baliatuko zela adierazi. Ondarroako Udalaren proposamena da monumentu hori kendu ondoren leku hartan beste oroigarri bat eraikitzea, itsasoan hil diren herritar guztien omenez. “Ondarroa bezalako arrantzale herri batek beharrezkoa du halako oroigarri bat, eta euren senitarteko bat itsasoan galdu duten familiek ere merezi dute halako leku bat. Ondarroan, asko izan dira itsasoan galdu direnak, gehienak arrantzaleak, baina ez guztiak. Denen oroimenenerako espazio bat izatea nahi dugu”.

Ondarroako Udalak behar haina urrats emango ditu herrian dauden Memoria Historikoaren legearen aurkako ikurrak edo oroigarriak kentzeko. Artapuntako oroigarri frankista, adibidez, legea urratzen zuten oroigarrien artean katalogatuta zeukan Eusko Jaurlaritzak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina