‘Memoria eraikiz’ zentzumen esperientzia ikuskizuna antolatu du udalak otsailaren 5erako, emakume biktimen eta biziraun dutenen ahotsean oinarritutako saioa

0

Memoria Eraikiz emakume biktimen eta biziraun dutenen ahotsa eta testigantzak biltzen dituen memoria kolektiboaren eraikuntza indarkeria matxisten aurkako estrategia gisa lantzeko apustua da, Mugarik Gabe elkartearen eskutik. Ondarroako Udalak hiru saio antolatu ditu herritarrak esperientzia honetan murgiltzeko. Otsailaren 5ean izango dira hiru saioak, Beikozinin, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Izena Etxelilan eman behar da (doakoa da), bihartik (urtarrilak 26) aurrera. Aforoa mugatuta dago, saio bakoitza 14 lagunentzako.

IZENA EMATEKO:

etxelila@ondarroa.eus edo telefono hauetara deituz: 94 613 40 08 edo 664 54 73 67.

[KLIKATU HEMEN WEBGUNERA JOATEKO]

“Ikuskizun hau esperientzia bat izango da bertaratzen direnentzat. Bideo honetan ikusi daitekeenez bertaratzen direnak ikuskizunaren parte bihurtzen dira. Emozioz eta sentipenez betetako saioak izango dira. Aforo mugak ikusirik (saio bakoitzeko 14 lagun), hiru saio antolatzea erabaki dugu, ahalik eta jende gehienak parte hartzeko esperientzia honetan”, esan du Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak.

Memoria Eraikiz – Flores en el Asfalto ikuskizunak zentzumenak pizteko eta enpatia areagotzeko bidaia emozionala proposatzen du. Sentsibilizazioa sustatzeaz gain, indarkeria matxista gizartearen eta estatuaren erantzunkizuntzat hartzea du helburu.

[KLIKATU HEMEN WEBGUNERA JOATEKO]

Bertaratzen direnak parte hartzaile zuzen bihurtzen dituen sorkuntza artistiko honek indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei sinesgarritasuna ematea du xede: “emakume horiei sinesgarritasuna emateko, haien erresistentzia-estrategiak ikusarazteko, kontakizun horiek berresteko eta emakume horiek beren bizitzaren eta jendarte aldaketaren protagonista diren diskurtsoetara igarotzeko beharretik sortutako ekimena da”, esan dute sortzaileek. “Historia eta, beraz, iruditeria kolektiboa eraikitzen dituzten kontakizun hegemonikoak zalantzan jartzen dituen memoria feminista; zeinarik gabe, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko prozesuetan aurrera egitea zaila egiten zaigun”.

Ekimenak “Asfalto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan” ikerketan jasotako bizitza-istorio batzuk ikusarazten ditu. Ikerketa honetan 28 emakume ausartek euren denbora, testigantza eta historiaren parte bat elkarbanatu zuten, justizia eta bizitakoa edo oraindik bizitzen ari direna berriz ez errepikatzea bilatzeko. “Ezinbestekoa da askotariko indarkeriak jasan dituzten emakumeen ahotsak gure memoria kolektiboan txertatzea, indarkeria matxisten esanahia berridazten laguntzeko eta, horrela, imajinario soziala aldatzeko. Emakume hauen ahots eta testigantzetara hurbiltzea da, halaber, jendartea indarkeria matxisten aurkako borrokan sentsibilizatzeko eta aktibatzeko aurkitu dugun modua”.

[KLIKATU HEMEN WEBGUNERA JOATEKO]

Bertaratzen diren herritarrak esperientziaren parte dira. Ez da ikuskizun soil bat. Argazkia: Hortzmuga teatroa.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina