Herribus zerbitzua Jai Alai enpresak eskainiko du astelehenetik aurrera eta sarrera txartel bidez ordaindu ahalko da

0

Udalak, zerbitzu publiko guztiekin egin bezala, lehiaketara atera zuen zerbitzu hau hornitzeko deialdia eta Jai Alai enpresak irabazi du lehiaketa. Astelehenetik (otsailak 1) aurrera, beraz, etxe horretako autobusak izango dira Herribus zerbitzua eskaintzeaz arduratuko direnak. Ordutegia orain arte bezala mantenduko da. Tarifak berdin mantenduko dira: arrunta 0’80€ bidaia bakoitzeko eta erretiratuena 0’50€. Txartel berezi batzuen bidez ordaindu ahalko da, Bizkaibusean Barik txartelarekin egiten den antzera.

Zerbitzua eskainiko duen Jai Alai enpresaren autobusak irisgarritasun baldintzak bermatzen dituen plataforma dauka.

Txartel bakoitzak 3 euro balio ditu eta bi urterako balio izango du, guztientzat; behin hiru euro horiek ordainduta txartela norberarena izango da. Kolore berdea dauka ohiko bidaiarien txartelak eta urdina, ostera, erretiratuenak. Txartela erositakoan 10 bidaiarako karga egin ahal zaio, hau da, erretiratuek 5 euro eta arruntak 8 euro. Txartelak autobusean bertan kargatu behar dira, eta sarreran makinatxotik pasatu bidaia ordaintzeko; makinak berak adieraziko du txartel horri zenbateko kopurua geratzen zaion.

Txartelak erabiltzeak ez du deskonturik suposatzen; txanponekin ordainduz gero edo txartelarekin tarifa beti da berdina. Txartelak erabiltzearen helburua eskutik eskura ahalik eta txanpon gutxien erabiltzea da, horrela pertsonen arteko kontaktuak saihestuz. “Erabilera oso erraza da, Bizkaibusetan egiten den bezala. Funtzionamendu berrira laster ohituko gara denok”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Txartel arrunta, berdea.

Erretiratuen txartela, urdina.

Jai Alai enpresak badauka lehenagotik ere esperientzia Ondarroako Herribus zerbitzua eskaintzen, behin baino gehiagotan aritu baita zerbitzu hau eskaintzen. Ondarroako Udaletik eskerrak eman nahi dizkiogu Bustindui enpresari denbora guzti honetan eskainitako zerbitzu eta arretarengatik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina