Adinekoei zuzendutako telefono bidezko iruzur batez ohartarazi du Ondarroako Kontsumo Bulegoak

0

Ondarroako Kontsumo Bulegoko arduradunek esan dute adineko pertsonei gas edo argi konpainia handien izenean deitzen dietela, bi aldiz, lehenengoan konfidantza irabazi eta bigarren deiarekin datu pertsonalak eta banketxeko kontu korronte zenbakia eskatzeko.

Oso garrantzitsua da datu pertsonalik edo banketxeko kontu zenbakirik telefonotik inori ez ematea, ezta deia fidagarria denean ere.

Ohartarazi dute iruzurrak bi zati dituela, eta Covid-19aren pandemia oinarri. “Bi dei egiten dituzte etxeetara. Lehenengoa, normalean goizez, ea jasotako argindarraren azken fakturan Covid-19a dela eta enpresak egiten duen beherapena egin ote dioten galdetzen. Normala den moduan, bezeroek ez dute jakiten ea deskontu hori egin dioten eta faktura bat atera eta begiratzeko esan diote, eta laister deituko diotela berriz ere”. Horraino izaten da iruzurraren lehen zatia. Deia jaso duena zaurgarria dela iruditzen bazaie, iruzurraren bigarren zatiari ekiten diote, beste dei batekin: “bigarren dei hau normalean arratsaldez egiten dute (beste deitzaile baten bidez normalean) eta dei honetan bezeroari esaten diote argindar enpresatik deitzen dutela berriz ere, euren datuen arabera enpresa horretan baja eman duela esateko. Bezeroak ezeztatu egiten du baja eman izana eta une hori baliatzen du iruzurgileak bezeroari bere datu pertsonalak eskatzeko, baieztapen batzuk egin behar omen ditu eta. Horrela, bi deirekin, bezeroaren datu pertsonalak eta banketxeko kontu zenbakia lortzen dituzten iruzurgileek”.

Ondarroako Kontsumo Bulegotik azpimarratu dute momentuz ez daukatela herrian iruzur hau gertatu izanaren berririk, baina bai Bizkaiko beste zenbait lekutan. Horrelakoren bat gertatu izanaren zantzuren bat edukiz gero Kontsumobiderekin harremanetan jartzeko esan dute: 94 403 24 36 (Bizkaiko egoitza) edo kontsumobide@kontsumobide.eus

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina