2020ko birziklatze tasa %47,14koa izan zen Ondarroan eta hondakin kopurua txikitu egin zen 2019arekin alderatuz

0

Lea-Artibai Amankomunazgoak emandako datuen arabera iaz 2.939.613 kilo hondakin sortu ziren Ondarroan, 2019an baino %3 gutxiago. Birziklatze tasa %47,17an kokatu zen, 2019an baino zertxobait gutxiago, orduan %48koa izan baitzen. Azken urteetan tasa hau egonkortu egin da, baina hala eta guztiz ere udalak helburutzat ezarrita dauka %70eko birziklatze tasatik urrun.

2019an 3.039.046 kilo hondakin sortu ziren Ondarroan; iaz, %3 gutxiago, 2.939.613 kilo.

Papera eta kartoia, beira, edukiontziak, organikoa, hiri hondakinak (errefusa), arropak (edukiontzi zuria), olioa, traste zaharrak eta pilak hartu dira kontuan birziklapen tasak neurtzeko.

2020a urte berezia izan zen, batez ere martxotik aurrera, Covid-19 pandemiak egunerokotasuna eta ohiturak zeharo aldatu zituelako. Etxeetako kontsumoa areagotu egin zen eta merkataritzakoa eta ostalaritzakoa aldiz murriztu. Hala eta guztiz ere organikoaren birziklapen tasak gora egin zuen urteko zifra orokorrarekin alderatuta: organikoa birziklatutako hondakinen %14,82koa izan zen 2019an eta %15,30ekoa, ostera, 2020an. Kiloei dagokienez 450.480 kilo 2019an eta 449.770 2020an. Errefusaren edukiontzian batutakoa, hiri hondakinei dagokiona 27.000 kilotan murriztu zen: 2019an 1.580.361 kilo eta 2020an 1.552.992 kilo.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkate eta ingurumen batzordeburuak azaldu du udalak helburutzat jarrita daukan %70eko birziklapen tasatik oraindik urrun egonagatik ere, azken urteetako egonkortzeak herritar askoren artean kontzientziazioa egon badagoela adierazten duela: “herrian birziklapen tasak gora egin dezan nahikoa birziklatzen ez duten horiengana iritsi behar gara. Kontzientziatu eta birziklapenaren garrantziaz jabetuarazi”.

Traste zaharrak ezin dira edonoiz atera. Deitu telefono honetara eta eskatu hitzordua.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina