Turismo Bulegoan egongo da aurrerantzean ikusgai 1887an Maria Cristina erreginak herriari oparitutako lehoia

0

1887ko irailaren 12an, Bilboko portuko lanak amaitzear zirela eta Maria Cristina erregina eta bere seme Alfontso (gero Alfontso XIII.erregea izango zena) Bilbora etorri ziren, azken harria jartzera. Maria Cristina Espainiako erreginaren aginduz, hamasei gazte ondarrutar joan ziren Bilbora, falua errealean arraun egiteko; garaiko kronikek horrela diote: “tripulada por veinte mozos de Ondarroa, que tienen fama de armadores” (La Dinastía, 1887ko irailak 15. 8971.zkia).

Horrela eraman zituzten Maria Cristina erregina eta eta bere gortea Getxotik (Areeta) Portugaletera lehenengo eta Bilboraino gero, ibaian gora, Gregorio Celaya patroiaren gidaritzapean. Bilbon ongietorria emateko, errekan zehar padeoa eta estropadak antolatu zituzten Bilboko Udalak eta Diputazioak eta bertan ondarrutarrak izan ziren garaile. Ondarroatik hiru traineru joan ziren, beste hiru Bermeotik, bi Santurtzitik eta bat Zierbenatik. Ondarrutarrentzat izan ziren sailkapeneko lehen bi postuak.

Ondarrutarrak falua errealean arraunean. Auñamendi Euskal Entziklopediatik hartutako ilustrazioa. Aurrealdean ikusi daiteke jatorrizko urrezko lehoia.

Falua errealak urrezko lehoi bat zeukan brankan, eta ondarrutarren arraunketaz mirestuta, Maria Cristina erreginak falua errealak brankan zeukan lehoiaren oroigarria oparitu zien ondarrutarrei. Lehoi hori da gaur eguneraino ondarroako kofradietan egon dena; Kalare Deuna kofradiako areto nagusiko sarrera izan da bere azken kokalekua urte luzez. Miguel Muñozek eraberritu zuen karezkoa den lehoia 1978ko maiatzaren 24an. Ia bi metro ditu altueran eta bi metro pasatxo zabaleran.

Lehoia, Kalare Deuna kofradian zegoenean. Argazkia: Turrune.

Orain, Kalare Deuna arrantzaleen kofradiak eta Ondarroako Udalak herriko altxor hori, askorentzat hain ezezaguna dena, Turismo Bulegoan ipintzea erabaki dute: “alde batetik jendaurrean erakusteko altxorra dela iruditzen zaigu, eta bestetik, Kalare Deuna arrantzaleen kofradiatik atera eta Kofradia Zaharrera mugitzeak ere sinbolismoa badaukala uste dugu; seguruenik hemen egongo zen lehoia Kalare Deuna eraiki baino lehen”, esan dute udal ordezkariek.

Lehoia ikusi nahi dutenek Turismo Bulegoko ordutegian egin beharko dute: martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Oso garrantzitsua izango da Covid-19a dela ezarritako arau guztiak betetzea Turismo Bulegora sartzeko. Lehoiarekin batera garaiko kontakizunetan oinarritutako hainbat material ere badago: Auñamendiko Entziklopedian jasotako pasarte bat eta falua nolakoa zen erakusten zuen ilustrazioa, Jose Mari Etxaburu Kamiñazpik Ondarroa’ko Abestiak liburuan jaso zituen Tiburtzio Urrosolok egindako bertsoak eta Augustin Zubikaraik 1887ko irailaren 12koari buruz jasotako kontakizuna Treiñeru Estropadak liburuan (‘Ondarroa’ko Talaiatik. 1865-1970’. Augustin Zubikarai)

Tiburtzio Urrosolok egindako bertsoen zati bat, Jose Mari Etxaburu ‘Kamiñazpi’ren “Ondarru’ko abestiak” liburutik hartuta.

Jose Mari Etxaburu ‘Kamiñazpi’ren azalpena Ondarroa´ko Abestiak liburuan.

Lehoia, Turismo Bulegoan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina