Anexuko lanen lehen faseari ekingo zaio astelehenean eta hustu egin behar da eremu hori

0

Ondarroako Udalak urteetan daukan helburu bat betetzeko lehen urratsak emango dira astelehenean (martxoak 22). Anexuko lanen lehen faseari ekingo zaio. Anexua hiru eskumenetan edo eremutan dago zatituta: Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak eskuduntza duen eremua, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasunaren eta Ingurumen Naturalaren zaintza sailak eskumena duen eremua eta Espainiako Gobernuaren Kosta demarkazioa.

Astelehen goizerako anexua hutsik egon behar da; ibilgailu guztiak kendu behar dira astelehen goiza iritsi orduko.

Anexoko planoa.

Lehen bi fasetako lanak URAren eta Foru Aldundiaren eremuetan egingo dira eta 180.000 euroko aurrekontua edukiko dute. Orain dela bi aste iritsi ziren udalera lehen bi faseei ekiteko beharrezko baimenak. Hirugarrenean, ostera, Kosta demarkazioaren eremuan egin nahi dira lanak, baina horretarako hitzarmena adostu behar da Espainiako Gobernuarekin; horren araberakoa izango da aurrekontua. URA agentziarekin eta Foru Aldundiarekin adostasunera iritsi da udala lanei ekiteko. Astelehenean hasiko den lehen fasean baimendutako eremuan harri txiki geruza bat botako da, ondoren konpaktatu eta dauden zulo guztiak estali eta ingurua laua uzteko; lan hauek lehen faseari dagozkio eta ezinbestekoak dira hurrengo faseei ekin aurretik. Udalaren asmoa lehen fase honetan baimendutako eremua behin betiko asfaltatzea eta urbanizatzea zen, baina bisoi europearraren erreprodukzio garaia martxotik aurrera denez, ingurumen sailak ez du baimentzen egingo direnak baino bolumen gehiago eduki ditzaketen lanak. Hori dela eta bigarren fasea eta behin betiko asfaltatzea eta urbanizazioa urte amaieran egitea aurreikusten da. “Gure asmoa asfaltatze lanekin orain hastea zen, baina bisoi europearraren erreprodukzio aldia dela eta atzeratu egin behar izan dira asfaltatze lanak. Hala eta guztiz ere momentu honetan egiten uzten diguten guztia aurreratzen hasiko gara astelehenetik aurrera”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Proiektu estrategikoa. Alkateak esan du anexuko aparkalekuaren proiektua urteetako helburua eta estrategikoa dela. “Herrian oinezkoak lehenesteko lanetan eta aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko ahaleginetan, pisu handiko proiektua da guretzat anexukoa. 180 bat ibilgailu sartzeko aurreikuspena daukagu, eta ea 200 ibilgailurentzako aparkalekua sortzeko moduan gauden. Ibilgailua bertan uzten dutenen segurtasuna ere bermatuko du proiektu honek. Eremua urbanizatzeak ere badauka bere garrantzia. Proiektu honekin helburu eta beharrizan bat baino gehiago beteko ditugu eta agintaldiko erronka nagusienetako bat ere beteko dugu horrela”.

Anexuko aparkalekua.

Bigarren fasean, urte amaieran, behin betiko aparkalekua egingo da anexuko eremuaren espazio handienean: ibilgailuentzako aparkalekuak eta autokarabanentzako aparkaleku sorta bat egingo dira eta atzeko aldean txakurgune berri bat. Ibilgailuentzako 180 bat aparkaleku egitea aurreikusten da

Lehen faseko lanak eguraldiak baldintzatuta egongo dira. “Lanak aurrera eraman ahal izateko zorua ezin da behar baino bustiagoa egon, beraz, euriak baldintzatu ditzake lanak. Ondo bidean aste bete inguruko aurreikuspena dago lanen lehen fasea egiteko”. “Bigarren fasea urtearen amaieran egin nahi dugu”.

Bigarren fase horretan, anexuko asfaltatzeaz gain, urbanizazio proiektu osoa garatuko du Ondarroako Udalak. Argiteria indartuko da eta LED motako argiak ipiniko dira. Anexuaren atzeko aldean dagoen eremuan ere txakurrentzako beren-beregi prestatutako jolas gunea egingo da, jolas, iturri eta abarrekin.

Hirugarren fasean, Espainiako Kosta demarkazioaren eremuetan lanak egitea aurreikusten da. Baina horretarako hitzarmen bat adostu behar da Ondarroako Udalaren eta Espainiako Gobernuaren artean.

Anexuaren atzealdeko espazioan txakurgunea sortuko da bigarren fasean.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina