Euskal Herriko Itzuliaren Ondarroako etapetarako boluntarioak behar dira

0

Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak boluntario laguntzaileak behar dituzte Euskal Herriko Itzulia Ondarroan egongo den egunetarako; zehazki apirilaren 9ko etaparen amaierarako eta apirilaren 10eko etapa hasierarako behar dira boluntarioak: sarrera-irteerak kontrolatzeko, ibilgailuak kontrolatzeko, bideak ixteko…

Boluntarioa izateko 18 urte baino gehiago edukitzea da eskatzen den gauza bakarra: “Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak ezin ditugu guk bakarrik etapek sortzen dituzten beharrizan guztiak bete, ez baitaukagu jende nahikorik behar diren puntu guztiak betetzeko. Horregatik da hain beharrezkoa herritarren laguntza boluntario gisa aritzeko”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Datu hauek bidali behar dira komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora:

  • Izen-abizenak.
  • NAN zenbakia.
  • Telefono zenbakia.
  • Gidabaimena: BAI/EZ
  • Boluntario lanak noiz?

Izena ematen duten boluntario guztiekin batzar bat egingo da martxoaren 29 – apirilak 2 astean.

Boluntario gisa izena eman nahi dutenek komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora mezu bat bidali behar dute, edo bestela Alamedako bulegoetan izena eman, martxoaren 28a baino lehen. Datu hauek bidali behar dira: izen-abizenak, NAN zenbakia, telefono zenbakia, gidabaimena daukan bai edo ez eta boluntario lanak zein egunetan egin nahi dituen: apirilaren 9an, apirilaren 10ean edo bietan.

Boluntario lanetarako prest dauden herritarrek hiru eremutan emango diete laguntza Udaltzaingoari eta antolatzaileei: apirilaren 9an etapa Ondarroara iristean 80.kilometroan Lekeitioranzko bidean, apirilaren 9ko etapa amaieran Zaldupen eta apirilaren 10ean herriko hainbat puntutan, irteeran zein herritik zehar egin beharreko ibilbidean.

Ikurrinak balkoietan. Itzulia Ondarroara etorri arren kirol ekitaldi guztiak bezala Covid-19ak baldintzatuta egongo da. Hori dela eta herritarrei dei egiten zaie erantzukizunez jokatzeko eta arau guztiak errespetatzeko: “ikuslerik gabeko kirol ekitaldia izango da eta herri barruan bide ertzean daudenei ere zentzuz jokatzeko eskatzen diegu” azpimarratu dute udaletik. “Herria girotzeko etxeetako balkoietan ikurrinak ipintzera animatu nahi ditugu ondarrutarrak. Ikurrina da nazioarteko txirrindularitza lasterketetan gehien ikusten den gure ikurretako bat eta Euskal Herriko Itzulian ere horrela izatea nahi dugu, etxeetatik bada ere”.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina