Euskal Herriko Itzuliak aldaketak eragingo ditu zirkulazioan eta aparkalekuetan datorren astean

0

Euskal Herriko Itzulia Ondarroara iritsiko da apirilaren 9an eta 10ean eta horrek eragina edukiko du herriko hainbat puntutan, bai zirkulazioan eta baita aparkalekuetan ere. Udalak aparkaleku alternatiboak prestatu ditu eta ez da ohikoa baino aparkaleku gutxiagorik egongo lasterketak dirauen bitartean.

Boluntarioen batzarra martitzenean (apirilak 6) egingo da, 17:30ean Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Oraindik izena eman ez duen baina boluntario gisa laguntzeko prest daudenak ere gonbidatuta daude batzarrera.

Barikuan iritsiko da Itzulia Ondarroara, 5.etapan, eta hurrengo egunean ere herritik abiatuko da 14:30ean. Puntu garrantzitsuena Zaldupe izango da, eta horrek inguruko aparkalekuak moldatzea ekarriko du; Zaldupen egongo dira helmuga eta irteera, aparkalekua (anexuan), bulegoak, kontrolak eta azpiegiturak (Zaldupe eskolan), prentsa aretoa (kiroldegian)… Futbol zelaiaren aurretik hasi eta anexurainoko ibilgailu guztiak kenduta egon behar dira eguen arratsaldeko 20:00etarako, helmuga puntuko muntaketa lanak eta telebistaren muntaketa lanak egin ahal izateko.

Zaldupen aparkatu ezingo den gunea, gorriz.

Anexuan aparkatzeko aukera egongo da, erditik atzera markatuta egongo den eremuan. Gainerako eremua antolakuntzarentzako izango da, ibilgailuak eta beharrezko materiala bertan uzteko. Anexuko aparkalekuan dauden ibilgailuak ezingo dira bertatik mugitu lasterketak irauten duen bitartean, beraz, eremu horretan autoa uzten duten gidariek kontuan eduki beharko dute ez dutela aukerarik edukiko kotxea ateratzeko bariku eguerditik helmugara azken txirrindularia iristen den arte (17:30-18:00ak aldera) eta zapatu goizetik eguerdiko 15:00ak arte (etapa 14:30ean hasiko da Zaldupetik).

Anexuko aparkalekua honela banatuko da: eremu bat Itzuliko antolakuntzarentzat eta gainontzekoa herritarrentzat.

Aparkalekuak kenduko direla kontuan hartuta, Ondarroako institutuko jolastokiaren atzealdea eta Zubi Zahar herri ikastolako jolastokia zabalduko dira eguen eguerdian, nahi duen orok ibilgailua bertan uzteko. Ibilgailu hauek domeka eguerdirako kendu beharko dira jolastoki bietatik, hurrengo eguna eskola eguna baita. Zaldupe eskolako jolastokia itxita egongo da jendearentzat, antolakuntzak bertan muntatuko baitu azpiegituraren zati bat. Ondarroako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Zaldupe eskolari, Ondarroako institutuari eta Zubi Zahar herri ikastolari azpiegiturak aparkalekuak uztearren.

Zubi Zahar herri ikastolako aparkalekua, jolastokian.

Institutuko aparkalekua, jolastokian.

Barikuko etaparen 80.kilometroa ere Ondarroan egongo da eta herriko zati bat zeharkatuko du. Mutrikutik sartuko da 15:30ean eta Lekeitiorantz joango da. Hau dela eta, Artabideko hainbat eremutan ezingo da aparkatu barikuko goizeko 08:00etatik arratsaldeko 16:00ak-16:30ak bitartean (ordu honetarako lasterketa igarota egotea aurreikusten da).

Txalet Monika paretik hasita, gorantz ezkerreko aldean ezingo da aparkatu barikuko 08:00etatik 16:00etara.

Autobusak, saihesbidean. Itzulian parte hartuko duten taldeen autobusak saihesbidean egongo dira kokatuta, albo batean. Horrek saihesbidean bariku goizetik aurrera bypass bat sortu beharra ekarriko du, bai gidarien eta baita txirrindularien segurtasuna bermatze aldera. Hori dela eta, Mutrikutik datozen autoak saihesbidetik igaroko dira baina Berriatuatik datozenak, ostera, KamiƱazpi auzotik sartu eta Zubi Barritik aterako dira, Zaldupeko gunea saihesteko.

Txirrindulariek, helmuga zeharkatzean, Errenteriako bidea hartuko dute anexuan eta handik buelta guztia eman ostean joango dira saihesbidean bakoitzari dagokion autobusera.

Autobusak bide ertzean egongo dira, saihesbidean.

5.etapak eta 6.etapak herri barrutik egingo duten bidean bigarren iladan autorik ez egotea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute Ondarroako udaltzaingotik. Bereziki puntu kritikoenetan egongo dira udaltzainak, Artabiden eta Antiguako Ama kaleetan esaterako, bigarren iladan autorik egon ez dadin. Horregatik azpimarratu dute boluntarioen lana: udaltzainak lan horretaz arduratuko dira eta boluntarioak bidegurutzeak eta garajeetako irteerak zaintzeaz.

Euskal Herriko Itzuliaren antolakuntzak zabaldutako mezuarekin bat egin nahi izan dute Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak ere: ikuslerik gabeko kirol ikuskizuna izango da. Covid-19aren pandemiaren eraginpean eta egun herriak zelako egoera duen ikusirik oso garrantzitsua izango da lasterketa telebista bidez edota balkoietatik jarraitzea, eta herriko kale ertzetan eta helmuga inguruan jende pilaketarik ez egotea. Helmuga puntura ezingo da publikorik sartu; antolakuntzak ipiniko du muga non egongo den Zaldupeko eremuan. Hala eta guztiz ere, kirol ekitaldi honen garrantzia ikusirik Ondarroako Udaletik dei egiten dizuegu etxeetan ikurriƱak ipintzera herria girotzeko.

80.kilometroan igaroko da Ondarroatik 5.etapa.

6.etapak herria zeharkatuko du, Zaldupen hasita. Irteera neutralizatua izango da, Pikuperaino.

Helmuga puntua Zaldupen egongo da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina