Ondarroatik kanpo bizi diren herritarrek paperezko Udalbarriak hiruhilabetekaria etxean jasotzeko aukera edukiko dute aurrerantzean

0

Ondarroako Udalak herritik kanpo bizi diren ondarrutarrei paperezko Udalbarriak hiruhilabetekaria jasotzeko aukera eman nahi die aurrerantzean, doan. Udalbarriak Ondarroako Udalak hiru hilabetean behin ateratzen duen paperezko aldizkaria da eta orain, horrela nahi duten Ondarroatik kanpo bizi diren herritarrek, paperean edo posta elektronikoz jaso ahal izango dute euren etxeetan.

Herritik kanpo bizi direnek bi aukera edukiko dituzte paperezko Udalbarriak etxean jasotzeko: gutun bidez paperezko alea bere horretan jasota edo bestela posta elektroniko bidez PDF formatuan. Udalbarriak aldizkaria jaso nahi duten eta Ondarroatik kanpo bizi diren herritarrek komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita edo udaletxera deituta (94 683 36 72) egin behar dute eskaria; paperean jaso nahi dutenek izen-abizenak eta helbide osoa (herria, lurraldea, posta kodea…) bidali behar dute eta posta elektronikoz jaso nahi dutenek, ostera, izen-abizenak eta posta elektronikoa.

Hurrengo Udalbarriak hiruhilabetekaria ekainean argitaratuko da; azkena otsailaren azken astean eta martxo hasieran banatu zen herriko etxeetan.

Proiektu honekin herritik kanpo bizi diren ondarrutarrek herriarekin lotura izaten jarraitzea eta herriko albisteak udaletik zuzen-zuzenean jaso ahal izatea da helburua. “Asko dira arrazoi desberdinengatik herritik kanpo bizi diren ondarrutarrak: batzuk ikasten, besteak lanean eta beste mila arrazoi. Horiengana ere herriko informazioa zuzenean iristea nahi dugu, sare sozialen bitartez ez ezik, baita paperezko Udalbarriak hiruhilabetekariaren bitartez ere”.

Ondarroako Udalak urtean lau paperezko aldizkari ateratzen ditu, hiruhilabetero bat, gutxigorabehera. Aldizkari horretan, herriko albiste eta udalaren proiektuez gain, hurrengo asteetarako agenda, bi udal taldeen iritziak, herriko taldeen idatziak, herritarren kexa eta iradokizunak eta udaletik hauei emandako erantzunak eta herriko argazkiak ere agertzen dira.

Udalak, paperezko Udalbarriak argitaratzeaz gain, beste komunikabide hauek ere baditu egunerokotasunean udaleko eta herriko informazioen hedabide direnak: Facebook, Twitter, Instagram, YouTube eta Telegram.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina