Sortzaile handien hondakin organikoak batzeko proiektua abiarazi du Amankomunazgoak, tartean Ondarroan

0

Lea Artibai Amankomunazgoak, organikoaren birziklatze tasa handitzearen helburuari jarraituz, hondakin hauek modu handian sortzen dituzten eragileekin proiektu berri bat abiarazi du. Ondarroan, 103 eragile izango dira proiektu hau lantzeko aukera edukiko dutenak. Helburua, etxeetan egiten den organikoaren bilketaren berdina egitea da, baina kasu honetan, sortzaile handiekin: taberna, jatetxe, ostatu, janari denda eta elkarte gastronomikoak esaterako.

[IRAKURRI HEMEN PROIEKTUAREN ESKULIBURUA]

Sortzaile handi hauei proiektuaren berri emateko Amankomunazgoak bidalitako Vermican enpresako teknikariak joango dira atez-ate maiatzaren 3tik ekainaren 11ra bitartean, informazioa eman, zalantzak argitu eta materialen banaketa egiteko (eskuorria, pegatina, txartela, 40 litroko potoa eta poltsak). Jarduera ekonomiko eta elkarte gastronomikoei, aldez aurretik hitzordua adosteko telefono deia egingo zaie. Dei horretan kanpainaren berri emango zaie eta bisitaren eguna eta ordua zehaztuko dira. Honez gain, posta elektronikoa eskatuko zaie formulario bat bidali eta beraiek betetzeko.

Lea Artibai Amankomunazgoak, guztira 263 sortzaile handi identifikatu ditu proiektua aurrera eramango den sei herrietan: Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Kanpainara batzen diren sortzaile handi guztiei identifikazio pegatina bat emango zaie.

[IRAKURRI HEMEN PROIEKTUAREN ESKULIBURUA]

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarria alkateak herriko sortzaile handiei Amankomunazgotik gidatutako kanpainarekin bat egiteko deia luzatu nahi izan die herritarrei: “iaz, etxeetako organikoaren birziklatze tasa %15’30era iritsi zen, baina tasa hori igo behar dugu denon artean. Gure helburua birziklapen orokorraren tasa %70era iristea da, eta azken datuen arabera 2020an %47,17an zegoen. Tasa hori igotzeko aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke sortzaile handiekin gauzatuko den proiektu hau”.

Lea Artibai Amankomunazgoko teknikari Luis Kazalis (ezk.) eta Amankomunazgoko lehendakari Koldo Goitia (esk.) gaurko aurkezpenean.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina