Aurtengo abuztuan ere Kultur Uheri ekimena antolatuko du udalak; herriko kultur taldeek euren sorkuntzak taularatzeko proposamenak egiteko aukera daukate maiatzaren 14ra arte

0

Ondarroako Udalak, Koronabirusak eragindako egoera ikusirik, aurten ere Kultur Uheri ekimena antolatuko du abuztuan. Kultur ekimen honen bigarren aldia uztailaren 30ean hasiko da aurten eta abuztuaren 29an amaitu. Herriko zein kanpoko sormen lanak Ondarroara ekartzea da asmoa. Herriko kultur taldeek maiatzaren 14ra arte aukreztu ditzakete udaleko kultura sailean ekimenean parte hartzeko beraiek sortutako kultur proposamenak.

Herriko kultur taldeek maiatzaren 14ra (barikua) arte daukate euren proposamenak kultura sailera bidaltzeko, jrosa@ondarrroa.eus posta elektronikora. Proposamenean ahalik eta informazio gehien zehaztea eskatu dute: aurrekontua, formatua, proposatutako lekua, iraupena, xehetasunak… Zalantzaren bat daukatenek 946833669 telefonora deitu dezakete.

Iazkoan hainbat herritarrek taularatu zituzten beraiek sortutako edo beraiek parte hartzen duten emanaldiak: Dantzartek dantza emanaldia eskaini zuen, Garazi Etxaburu dantzaria LaSalako beste kdie batekin aritu zen, Iñaki Marurik bakarrizketa saio baten parte hartu zuen eta Biren bikoteak eta Patxi Saizek kontzertuak eskaini zituzten, esaterako. Aurten ere ideia hori da, herriko talde edo norbanakoei Ondarroako plaza eskaintzea.

Dantzartekoen emanaldia, iazko Kultur Uheri ekimenean.

Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak astelehenean egin zen kultura batzordean eman zuen jakitera aurten ere Kultur Uheri ekimena antolatzeko asmoa. “Egoera zein den ikusirik eta Andra Mari jaien inguruan zelako ekintzak antolatu daitezkeen esaterik ez daukagunez, aurten ere Kultur Uheri ekimenaren alde egitea erabaki dugu. Iaz oso erantzun ona eduki zuen eta aurten ere ekimen hau berriz antolatzea erabaki dugu”. “Iaz 15 ekimen egon ziren, eta batzuetan gainera sarrera guztiak agortu ziren”.

Ondarroako Udalaren kultura sailaren helburua Kultur Uheri ekimenean herriko zein kanpoko alor eta disziplina desberdinetako sormen lanak uztartuz adin tarte guztietarako eskaintza bat prestatzea da: “iaz domeketan umeentzako bereziki antolatutako ekimenak antolatu genituen, baina beharbada gazteei zuzendutako eskaintzan huts egin genuen. Aurten adin tarte horretara bideratutako eskaintza indartzen saiatuko gara”. Bestalde, iaz bezala, kirol saioren bat ere sartuko dugu Kultur Uheri egitarauan.

Biren, iazko Kultur Uheri ekimenean, Zaldupen.

Kultur Uheri ekimena antolatzeak ez du esan nahi Andra Mari jaiak ospatu ohi diren egunetan ekintza desberdinak egingo ez direnik. Hori aurrerago ikusiko da. Ohiko Andra Mari jairik ez da antolatuko, baina zer egin eta nola egin aurrerago erabakiko da. Baliteke urteroko ekintzaren bat egin ahal izatea, beti ere beste formatu batean, segurtasuna mantentzeko, iaz egin bezala.

  • Ikusi hemen iazko Kultur Uheri ekimeneko argazki bilduma:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina