Euskararen erabilerari buruzko kale neurketa egin da Ondarroan; “eskerrik asko neurketak egin dituzten boluntarioei”

0

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) osatzen duten herrietan ari dira egiten euskararen erabilerari buruzko kale neurketak. Herriko kasuan, UEMAren, Soziolinguistika Klusterraren eta udaleko euskara batzordearen arteko elkarlana izan da, boluntario gisa aurkeztu diren euskara batzordekideen laguntzarekin. Arantza Atxurra Aranguren, euskara batzordeburua: “oso eskertuta daude boluntario gisa kale neurketetan lagundu diguten guztiekin. Mila esker!”.

Aurreratu dutenez erabilerari buruzko datuak uztailean emango dituzte ezagutzera. Hiru astetan egin dira kale neurketak: “boluntarioak kalean egon dira, eta entzuten zituzten elkarrizketetan erabilitako hizkuntza aplikazio batean erregistratu dute, gero lagin horretatik emaitzak ateratzeko”.

“Ondarroa beti izan da euskararen arnasguneetako bat, baina urteetan euskararen erabileraren egoeraren bilakaera nolakoa izan den jakiteko balioko digu ikerketa honek”, esan du zinegotziak. “Euskara batzordetik argi daukagu eguneroko keinu txikietatik zein erakundeetatik bultzatu behar dela euskararen erabilera. Gu, Ondarroan, euskaraz gara, eta altxor hori zaindu eta zabaldu egin behar dugu”.

HONEKIN LOTUTA:

  • Ondarrutar bai, baine natural eitten dou berba?

Ondarrutar egoki hitz egiteko bideoak zabalduko ditu udal euskara sailak, herritarrei zuzenduta

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina