Herriko naturguneak auzolanean garbitzeko ekintza antolatu du udalak, ekainaren 13rako

0

Aspaldian, Covid-19aren pandemia hasi zenetik batez ere, herritarrek ohikoak ez ziren ibilbideak egiteko ohitura hartu dute. Horrek Ondarroan dauden paraje askotan zamarrak edo zikinkeria pilatzea eragin du, herriko hainbat naturgune kaltetuz.

Hori dela eta, Ondarroako Udalak auzolana antolatu du ekainaren 13rako (domeka), helburu bikoitzarekin. “Alde batetik, herritarren artean ingurunea garbituko dugu, kirola eginez eta herriko parajeak ezagutuz, eta bestetik, belaunaldi berriengan kontzientziazio lana egitea da gure nahia”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkate eta ingurumen batzordeburuak. “Duela urte batzuk sarriago egiten ziren horrelakoak, auzolanean leku bat edo bestea garbitzera joan eta gero bildutakoa herritar guztiek ikusteko moduan lagatzea, denok hausnartu dezagun gizarte moduan zer egiten ari garen”. Ekintza honek ere helburu hori dauka. 09:30ean egin dute hitzordua Alamedan. Udal ordezkariak ere bertan egongo dira. Batzen den jendearen arabera lekuak banatuko dira eta taldeka inguru bakoitza garbitzera abiatuko da. “Gero, 12:30ean, denok Alamedan batuko gara eta bildutako zaborrak bertan pilatuko ditugu. Udalak jarriko ditu beharrezko materialak. Herritarrei eskatzen diegu auzolan honetara batzeko, denon artean apur bat eginez ingurua garbitzeko ekintza polita izango baita, ume eta gurasoek batera egitekoa”.

Auzolanean parte hartzeko ez da izenik eman behar. Ekainaren 13an 09:30ean Alamedara agertuta nahikoa da. Adin guztietako jendearentzat egongo da zeregina, eta herriko taldeei ere auzolan honetan parte hartzeko deia egin zaie. Denon laguntza izango da eskertzekoa, badago eta non garbitu, besteak beste, Tontorramendirako bidea, ibaiertza, kostako bidea, Antigua atzea eta Errenteriako bidea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina