Txomin Agirre azpiko aparkalekuak bost urterako hartzeko aukera martxan ipini du udalak; laster zabalduko da izen ematea

0

Txomin Agirre ikastolaren azpiko aparkalekuak 5 urterako emakida gisa hartzeko aukera emango du Udalak.
Orain arte bakarrik 30 urterako hartzeko aukera zegoen, 14.600 eurotan, baina aparkalekuak bete ez direla ikusita, udalak beste aukera bat zabaltzea erabaki du. Laster zabalduko da izena emateko aukera.

Maiatzaren 6ko udalbatzan onartu zen sistema berri horren ezarpena, eta ohiko prozedura amaitzen denean izena emateko aukera zabalduko du udalak. Aurreikuspenen arabera, uztailean zabalduko da izena emateko epea. Aparkalekuak bost urterako emakida gisa hartzeak 3.745 euroko kostua edukiko du: plazarengatik 3.500 euro ordaindu behar izango dira eta zergengatik 140 euro. Horrez gain, 105 euroko fidantza eskatuko da. Gainera, hilabetero, jabe elkarteari dagokion kuota ere ordaindu beharko da, etxe jabeen elkarteetan egin ohi den bezala. Trastelekudun aparkalekurik ez da geratzen, horiek lehen deialdietan bete ziren eta.

Eskaerak nola egin. Ohiko komunikabideen bidez emango da ezagutzera noiztik nora egin ahal diren eskaerak, eta epez kanpo aurkeztutakorik ez da onartuko. Pertsonako eskaera bat aurkeztu ahal izango da, udaletxeko Erregistro Orokorrean (Alamedako bulegoetan), 09:00etatik 14:00etara.
Erregistro Orokorrean, eskabide paper ofizialarekin batera, hurrengo dokumentazioa aurkeztu behar da: NAN eta mugikortasun murriztua daukaten pertsonentzako gordetako partzelaren bat eskatzekotan, Ezinduentzako Txartela. Euren zergak Ondarroan ordaintzen dituzten enpresen ibilgailuen kasuan eta ibilgailua darabilena titularra ez den kasuetan, enpresako gerente edo administratzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, ibilgailua bakarrik norberak erabiltzen duela ziurtatzeko. Kasu horietan ibilgailuaren zirkulazio baimena ere aurkeztu beharko da.

Eskabide guztiak Aukeraketa Mahaiak onartu edo baztertuko ditu. Onartutakoen artean zozketa publikoa egingo da bakoitzari dagokion partzela emateko (lekua eta data aurrerago zehaztuko dira).
«Espero dugu erabaki honekin beste urrats bat ematea aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko Kamiñazpin», adierazi du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina