Hainbat lan egingo ditu hirigintza sailak aste honetan eta hurrengoetan herriko azpiegitura desberdinetan

0

Berdura Plazan ez labaintzeko produktu berezi bat bota zuten astelehen arratsaldean. Egoten den hezetasuna kontuan harturik bertaratzen diren herritarren segurtasuna bermatze aldera egindako lana izan zen. Horrez gain, Kofradia Zaharreko kupularen teilatua, Artibai Egoitzako sabai-leihoa eta Arrigorri hondartzako ziburuak konponduko dituzte.

Berdura Plaza.

Kofradia Zaharreko kupulari dagokionez, 100 urte pasatxoko eraikina izanik, filtrazioak daude. Hori dela eta, eta kontuan hartuta herriko ondarearen eraikin garrantzitsuenetako bat dela, teilatua konpondu eta kupularen egitura indartuko da. Lan hauek ekainaren 28an (astelehena) hastea da aurreikuspena eta astebete inguru iraungo dute. Lanek irauten duten bitartean bigarren solairuko aretoa ezingo da erabili.

Kupulak filtrazioak ditu.

Artibai egoitzaren teilatuan dauden sabai-leihoak ere aldatu egingo dira. Leiho horietatik argia sartzen da egoitzara teilatutik zuzenean, baina urteen poderioz jasandako higadura dela eta aldatu egingo dira. Beira horiek berritzearekin batera teilatua garbitzeko eta 200 bat teila berri ipintzeko aprobetxatuko da. Lanak ekainaren 19an (astelehena) hasiko dira eta astebete irautea aurreikusten da. Lan hauek irauten duten bitartean egoiliarren ohiko jarduna moldatuko da segurtasuna bermatze aldera, eta egoitzaren ingurua ere hesituta egongo da materialen bat eroriko balitz ere istripuak saihesteko.

Artibai egoitza.

Arrigorri hondartzako ziburuen lurzorua ere aldatu egingo da. Lanak, berez, ekainaren 7an ziren hastekoak baina enpresak edukitako gorabehera batzuk tarteko 15 egunez atzeratu da. Datorren asteko astelehenean hasiko dira (ekainak 21). Bizpahiru eguneko lana izango da, beti ere eguraldia lagun izanez gero. Materialak aurrera eta atzera erabiliko dituen kamioiarekin arretaz ibili beharko da egun horietan, hondartza inguruan oinezkoen espazioa hartuko baita lanak egin ahal izateko. Lan hauek Ondarroako Udalak Cikautxo enpresarekin daukan lankidetza hitzarmenari esker egingo dira.

Arrigorri hondartza aurrean dauden ziburuen lurzorua aldatuko da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina