Erdi Aroko jaia datorren urtera atzeratzea erabaki da

0

Ondarroako Udalak, kultura batzordeko kideekin kontsulta bat egin ostean, Erdi Aroko jaia 2021ean ez ospatzea erabaki du. Berez, iaz zen ospatzekoa jaia, baina Covid-19arengatik urtebete atzeratzea erabaki zen. Egoera ez denez hobetu jaia ospatu ahal izateko haina, beste urtebete atzeratuko da, hau da, 2022ko irailera.

Erdi Aroko hurrengo jaia 2022an ospatuko da, eta hurrengoa bost urtera, 2027an, Ondarroaren 700.urteurrenarekin bat egiteko.

Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak esan du Covid-19a dela eta jaia bera ospatzea ezinezkoa izateaz gain, antolaketa prozesua behar bezala gauzatzea ere ezinezko bihurtu duela koronabirusak. “Antolaketa lanak batzarretan oinarritzen dira, herritarrak elkartu eta hauen arteko hartuemanean, eta orain arteko egoerak ez du hau egitea ahalbidetu. Gainera, antolaketa prozesua luzea da, hilabeteetako kontua, eta zein egoeratatik gatozen ikusita ezinezkoa da hainbeste jende eta elkarte batzea antolaketa lanetarako”.

2022an 695 urte beteko ditu Ondarroak; 1327ko irailaren 28an jaso zuen Maria Diaz de Haro Bizkaiko Anderearen eskutik hiri-gutuna. Urteurren horretan ospatuko da hurrengo Erdi Aroko jaia, egun batzuk gorabehera, irailaren 28a martitzena izango baita. Eta hurrengoa bost urtera ospatuko da, Ondarroa sortu zeneko 700.urteurrenarekin bat egiteko.

Erdi Aroko jaia antolatzeko lantalde berezia hilabeteak lehenago hasten da lanean antolaketa lanak behar bezala burutzeko. Udalak deialdia egingo du jaia herritar guztien artean antolatzeko.

Duela bi aste, Portugaleten. Duela bi aste, ekainaren 11an hain zuzen, Portugaleteko alkate Mikel Torresek gonbidatuta, herri horren 700.urteurrenaren ospakizun ekitaldian egon zen Zunbeltz Bedialauneta alkatea. Eurekin batera egon zen Koldo Goitia Lekeitioko alkatea ere, Maria Diaz de Harok eman baitzien hiruei herri-gutuna, duela ia 700 urte. Portugaletek aurten bete ditu 700 urte bere sorreratik, Lekeitiok 2025ean beteko ditu eta Ondarroak 2027an.

Lekeitio, Portugalete eta Ondarroako alkateak, Bizkaiko zubiaren parean. Argazkia: Portugalete 700.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina