Datorren asteko eguaztenean ekarriko dute Plaiko Zubia Ondarroara

0

Lanek aldaketa handiak eragingo dituzte eguaztenean bertan Alamedan eta Itsasaurren. Oso garrantzitsua izango da ezarritako arauak ondo betetzea lanak segurtasunez eta aurreikusitako denboran egin ahal izateko. Bi urteren ostean, gero eta gutxiago geratzen da Plaiko Zubixe bere lekuan egoteko.

Gaur (uztailak 19) goizean egin dute koordinazio batzarra Ondarroako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Orion enpresak, Usabiaga garabi enpresak eta piezen garraioaz arduratuko den enpresak. Zubia Asturiastik (Espainia) ekarriko dute Ondarroara.

Zubiaren muntaketa lanekin hasi baino lehen, ingurua egokitu beharko dute zubiaren zatiak dakartzaten kamioiak eta garabiak Alamedara trabarik gabe sartu ahal izateko. Hori dela eta, aste honetan podak egingo ditu udal brigadak, datorren eguaztenean (uztailak 28) pasarela oztoporik gabe ekartzeko Alamedara, portuko biribilgunetik sartuta Itsasaurretik zehar.

ZUBIAREN MUNTAKETA LANAK, EGUNEZ EGUN:

  • Uztailak 22, eguena. Kamioi bat eta grua bat sartu behar dira Alamedara pieza batzuk deskargatzeko. Goizeko 08:00etan hasiko dira.
  • Uztailak 27, martitzena, arratsaldean. Garabi bat sartuko dute zubiaren hondartzako aldera eta bertan geratuko da hurrengo eguneko lanak egiteko prest. Momentu horretatik aurrera Astillerutik hondartzaraino doan pasealekua itxita geratu da oinezkoentzat, 24 bat orduz. Gau horretan Plaiko Zubiaren pasarelak dakartzaten kamioiak Berriatuako Gardotza poligonora iritsiko dira.
  • Uztailak 28, eguaztena. Goizeko 07:30ean garabia sartuko da Alamedara eta horren ostean pasarelaren alde bat ekarriko duen kamioia sartuko dute. Gutxi gorabehera 11:00ak aldera arte egongo dira bertan. Lan hauek dirauten bitartean ezingo da terrazarik ipini Itsasaurren eta Alamedan eta garabiaren azpitik igarotzea ere debekatuta egongo da; ez da aukerarik egongo ohiko karga eta deskarga egiteko Itsasaurren. 11:00ak aldean, lanak amaitzen dituztenean, sartu diren leku berdinetik atera beharko dira kamioia eta garabia. 11:00etan hondartza aldeko pasarelaren lanekin hasiko dira, gutxi gorabehera 14:00ak arte. Pasarela hau ekarriko duen kamioia Itsasaurre zubiaren parean egongo da aparkatuta.

Behin pasarela muntatuta, gutxienez beste hilabete iraungo dute zubia behar bezala prestatzeko lanek.

Plaiko Zubixe. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Martitzenerako (uztailak 27), portuko biribilgunea eta hondartzako aparkaleku batzuk hustu egin beharko dira, hurrengo egunean Plaiko Zubixe ekartzen dutenean puntu horiek garrantzitsuak izango baitira bai kamioi eta garabiak igarotzeko eta baita materialak uzteko ere. Gogorarazi behar da zubiko pasarelaren bi zatiak 25 metroko piezatan iritsiko direla Ondarroara, jada muntaturik, eta horrek eragina izango duela egun horretako trafikoan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina