Onartu da 2021eko Ondarroako udal aurrekontua, iazkoak baino %6’81 txikiagoa

0

Uztailaren 22an (eguena) egin zen udalbatzan onartu ziren 2021eko udal aurrekontuak. EH Bilduk aldeko bozka eman zuen eta EAJ/PNV abstenitu egin zen. Ondarroako Udalak 11.514.562,33 euroko aurrekontua edukiko du, iazkoa baino 840.202,8 euro txikiagoa.

Udal gobernuak ongizate, berdintasun eta hezkuntza alorretan murrizketarik ez egoteko konpromisoa hartu zuen, gaur egungo egoera ekonomikoa zaila izan arren uste izan delako oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egiteak herritarrentzako kalteak sor zitzakeela. Ildo horretatik, bat etorri dira batzorde horietako buruak diren Irina Alkorta Bedialauneta eta Eneritz Basurko Pagoaga: “oinarrizko zerbitzuak dira, eta gure ustez zerbitzu horien beharra areagotu egin da pandemia hasi zenetik: lehen mailako gizarte arreta, ongizatera bideratutako laguntzak, emakumeenganako indarkeria… arlo horietan murrizketarik ez genuela egingo argi geneukan, oinarrizko zerbitzuak direlako edozein herritarren ongizaterako”. Are gehiago, ongizate batzordearen partidak 11.138,32 euro gehiago dauzka 2021eko aurrekontuan, hezkuntza batzordeak 45.502,5 euro gehiago eta 6.549,28 euro gehiago.

Aipatutako partidetan murrizketarik ez egitea eta zergak ez igotzea ziren, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatearen esanetan, herritarrenganako zeuzkan konpromiso bi, eta aurrekontua iazkoa baino ia %7 txikiagoa izan arren bi printzipio horiek bere horretan mantentzea lortu du: “herritarrak dira beti azken katebegia, eta ezin ditugu gehiago ito. Egoera berez da zaila Ondarroako etxeetan eta guk ez ditugu herritarrak gehiago estutu behar. Ez gara nor beti herritarrei gerrikoa estutzen ibiltzeko”.

Inbertsio batzuk: HAPOrekin jarraitzea, Erribera asfalto inprimatua ipintzea (Nasa kalean modura), Etxelilako igogailua, Antiguako Ama elkarteko, Udal Musika Eskolako eta Zaldupe udal futbol zelaiko galdarak berritzea, Txori Errekako urbanizazioaren II. fasea, Artabide-Antiguako Ama eskailerak, brigadarentzako ibilgailuak, Ibaiondo…

EAJ/PNVren bozeramaile Maria Dolores Etxano Varelak emendakin hauek aurkeztu zizkion Udal gobernuaren aurrekontu proposamenari: herriko irisgarritasun plana egitea, etxebizitzen eta eraikin publikoen irisgarritasun azterketa, mugikortasun plana, herriko kultura eta natura ondarea baliabide turistiko gisa berreskuratzea (Kofradi Zaharrean, ‘bolatokia’ berreskuratzeko azterketa eta Dongre begiratokia ‘Itsas arrantzaleen memoria’ proiektua) eta kiroldegiko, musika eskolako eta egoitzako inbertsio plana. Aurkeztutako emendakinen balioa guztira 120.000 eurokoa da.

Udal gobernuak onartu egin zituen aurkeztutako emendakin gehienak, zeuzkan proiektuak eta oposizioarenak bateragarriak zirelako; onartu gabe geratu zena kiroldegiko, musika eskolako eta egoitzako inbertsio planei buruzkoa izan zen. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan zuen ondo ikusten duela inbertsio plan horiek egitea, baina uste duela lan hori kanpora kontratatu beharrean udalak badauzkala baliabide eta teknikari nahiko lan hori egiteko. Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak azpimarratu zuen hasita daudela kiroldegia egin beharreko hobekuntzei buruzko lanketa bat egiten gero inbertsioak noiz, non eta nola egin erabakitzeko . Udal gobernuak Kamiñazpi auzorako zeukan irisgarritasun planaren partida (16.940 €) 30.000 eurora arte handitu eta plana herri guztira zabaltzea adostu zuten bi alderdiek; plan honetan sartzen da baita ere bigarren emendakinean eskatutako etxebizitzen eta eraikin publikoen irisgarritasun azterketa ere. “Irisgarritasun Planak ez du jasotzen bakarrik kaleko edo espazio publikoen azterketa, baita eraikin publiko eta etxebizitza pribatuena ere”, azpimarratu zuen Eneritz Basurko Pagoaga ongizate batzordeburuak

Mugikortasun Planari buruz alkateak esan zuen hasita daudela Udaltzainburuarekin eta udal arkitektuarekin batera mugikortasun planerako urratsak ematen, Alde Zaharreko trafiko ordenantzarekin hasita, eta ondo ikusten duela kanpoko enpresa baten aholkularitza ere jasotzea Mugikortasun Plana egiteko.

Dongreneko eraikina bota eta itsasoarekin eta oroimenarekin lotutako espazio bat sortzeko ere bat etorri dira bi udal taldeak, beti ere eraisketa egiteko beharrezkoak diren txosten eta lan guztiak zehaztasunez egin ostean, eduki duen erabilera industrialak sortutako eraginak behar bezala tratatu ostean. Horretara bideratuko da emendakinean jasotako diru partida osoa. Kofradia Zaharrean ‘bolatokia’ berreskuratzeko proiektua ondo ikusi zuen udal gobernuak, baina Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak esan zuen leku horretan Plaiko Zubiarekin lotutako erakusketa bat ipintzea dela asmoa, eraberritze prozesua ardatz hartuta eta beti ere gela horrek daukan erabilera handia kaltetu gabe. Pedro Lasarte Iparragirrek gehitu zuen lehenago ere udalak izan zuela asmoa bolatokiaren erreplika bat ipintzeko Kofradia Zaharrean, baina horrek zeukan kostu ekonomikoa udalaren ahalmen ekonomikotik oso urruti zegoela.

Hauek dira onartu berri diren aurrekontuekin egingo diren inbertsio azpimarragarrienetako batzuk, 750.958,21 euroko balioarekin:

  • Herri Antolamendurako Plan Orokorra egiten jarraitzeko falta diren faseak gauzatzea: 183.799 euro.
  • Ibaiondoko urbanizazio proiektua idazteko 121.000 euro bideratuko dira. 16.940 euro gehiago Kamiñazpi osoko irisgarritasun plana egiteko, baina emendakina onartuta 30.000 euro bideratu eta herri guztiko plana egingo da.
  • Artabide-Antiguako Ama eskailerak berritzeko 119.362,36 € bideratuko dira; horietatik 104.366,72 udalari dagozkien obrei zuzenduta egongo dira eta gainerako 14.995,64 euro jabe pribatuek egin beharreko obretan udalari dagokion %6’16ari.
  • Erribera kalean asfalto inprimatua ipintzea (46.179,65 €).
  • Etxelilako igogailua ipintzeko bigarren fasea (16.637,50 €).
  • Txori Errekako urbanizazioaren II. fasea (131.926,10 €).
  • Udal eraikinetan galdara berriak ipintzea (70.343,60 €): Zaldupe udal futbol zelaian aerotermiadun galdara (25.249,40 €), P.M. Unanue udal musika eskolan gas naturaleko galdara jartzea (14.314,30 €) eta Antiguako ama egoitzan aerotermiadun galdara jartzea (30.479,90 €).
  • Udal brigadarentzako ibilgailu berriak erostea, kamioneta bat eta koordinatzailearentzako ibilgailu bat (59.774 €).
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina