Ondarrutar Naturala lehiaketa antolatu du Ondarroako Udalak azaroaren 29rako; zabalik dago izen ematea

0

Ondarroako Udalak Ondarrutar Naturala mahai jokoan oinarritutako lehiaketa antolatu du azaroaren 29rako, 18:00etan Beikozinin. Izena emateko aukera zabalik dago azaroaren 15era arte: ikastetxeen bitartez, udaleko euskara zerbitzuan, Turismo Bulegoan eta asteburuetan, Gaztelekuan. LH 5etik aurrerako umeek parte hartu ahal izango dute, baina beti ere nagusi batekin. 16 urtetik aurrerakoek elkarrekin parte hartu ahalko dute bikotean. Parte hartzaile guztientzat egongo da sariren bat.

Ondarrutar Naturala herriari eta herritarrei buruzko jolasa da, tribial itxurako mahai jolasean oinarritua. Udaleko Euskara batzordearen nahia jolas hau aurtengo Antxoa Egunean egitea zen, baina Covid-19a dela eta bertan behera laga behar izan zen. Orain, Euskaraldia datorrela baliatuz eta prestaketa lan asko eginak zeudela kontuan hartuz, azaroaren 29an antolatzea erabaki da. “Beikozinin egingo da jolasa, unean uneko segurtasun protokolo guztiak beteta”.

“Ondo pasatzeko, dakiguna ez ahazteko eta hizkuntzaren eta kulturaren transmisioak duen garrantziaz ohartarazteko aukera emango digu lehiaketak. Ondarroako tribial baten antzera, galdera-erantzunetan oinarritzen da jolasa”, aurreratu Arantza Atxurra Aranguren Euskara ziengotziak. Parte hartzeko Ondarroako gauzak jakitea baino besterik ez da behar: Ondarroako istorioak, herritik kanpo ere ospea izan duten pertsonak ezagutu, gertaerak, esaerak, toki-izenak, joko-izenak, bitxikeriak, hitzen esanahiak eta abar. “Ondarrutar izateaz harro sentitzeko aukera bat da. Zenbat eta hobeto ezagutu gure herria orduan eta gehiago maitatuko dugu eta horregatik bakarrik, merezi du horrelako jolasetan parte hartzea», gaineratu dute.

Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Izena emateko aukera zabalik dago: https://euskaraldia.eus

Lehiaketa bikoteka izango da eta izena ematen duten bikote kopuruaren arabera zehaztuko da funtzionamendua: aurrekanporaketak eta finala. Sariak banatuko dira parte hartzaileen artean eta publikoak ere parte hartu eta sariren bat irabazteko aukera ere edukiko du.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina