Herriko mapa toponimikoa, mapa turistikoa eta bisore interaktiboa aurkeztu ditu udalak

0

Ondarroako Udalak, bere sail ezberdinen arteko lankidetzaren bitartez, herriko mapa toponimikoa, mapa turistikoa eta bisore interaktiboa berritu eta garatu ditu. Mapa toponimikoa eta turistikoa Turismo Bulegoan daude eskuragarri paperean eta mapa interaktiboa, ostera, udalaren webguneetan kontsultatu daiteke. Gislan enpresa arduratu da proiektua gauzatzeaz, udaleko Hirigintza eta Euskara sailen laguntzarekin.

[IKUSI HEMEN ONDARROAKO BISORE INTERAKTIBOA]

Mapa sorta berri honek Ondarroako zerbitzuak, baliabideak, ondarea, ibilbideak, eraikinak gaurkotzea ahalbidetu du, bertokoen, bisitarien eta beste erakunde edo enpresen eskura egon daitezen. Mapa turistikoa, paperean ez ezik, QR kodea eskaneatuz ere kontsultatu daiteke, telefono mugikorretan esaterako.

Mapa toponimikoak eta turistikoak herriko hainbat lekutan banatu ditu udalak: Turismo Bulegoan, Udal liburutegian, Udaltzaingoan, Zaldupe eskolan eta Zubi Zahar herri ikastolan; “herritarrek edo kanpotik datozenek eskura edukitzeaz gain, uste dugu tresna ona dela ikasle gazteek herria ezagutzeko egiten dituzten lanketetan erabiltzeko eta horregatik banatu ditugu ikastetxeetan ere”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Mikel Intxaurbe udal arkitektoa, Zunbeltz Bedialauneta alkatea eta Yolanda Burgoa Turismo Bulegoko arduraduna, aurkezpenean.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren dirulaguntza jaso du, %80a finantzatuz, Udalerrietako informazio geografikoa hobetu eta udal mapak egiteko diru-laguntza partidatik. Jaurlaritzak 9.400 euro ipini ditu laguntza horren bitartez, eta gainontzeko %20 udalak ipini du, 2.350 euro. Guztira 14.217,50 euroko kostua eduki du proiektuak, 11.750 euro +BEZ.

Ondarroako Udalak beharrizana ikusi zuen herriko toponimia gaurkotzeko, batez ere euskarari zegokionean hainbat hutsune baitzeukan herriko mapa toponimikoak. Mapa interaktiboa, ostera, etengabe berritzen joateko aukera ematen duen “herri birtuala” da, hau da, herrian ematen diren hirigintza-aldaketa guztiak etengabe gaurkotzea ahalbidetzen duen oinarria. Horrez gain, mapa turistikoa berritzea ere egokia ikusi zen, azken urteetan egondako aldaketak berritzeko. Bisore interaktiboak aukera hauek eskaintzen ditu:

  • Herritar eta bisitariek udalerriko informazioa etengabe online eta eguneratua izatea.
  • Edozein erabiltzailek informazio ezberdina duten mapak deskargatu edo inprimatzea.
  • Herritar eta bisitariei baliabideak lokalizatzeko aukera ematea (udalaren zerbitzuak,enpresak, toponimoak, kaleak, azpiegiturak, ondareko elementuak, ibilbideak, ostalaritza establezimenduak, azpiegitura turistikoak…).

Mapa interaktibo honetan sartuz gero filtroak ere ipini daitezke, nahi den tokia edo interesgunea bilatzeko: zerbitzu publikoak, ondarea, aisia eta kirola, mugikortasuna, ibilbideak, helbideak…

Mapa toponimikoak herriko toponimia eta argazkiak batzen ditu.

Euskararen garrantzia. Mapak berriztean izen eta hitz toponimiko guztiak euskarara ekarri nahi izan ditu Ondarroako Udalak. Izen batzuk hizkuntza irizpideak errespetatu gabe idatzi ohi ziren, askotan herrian ahoskatzen diren moduan, eta beste batzuk, ostera, ez zeuden euskaraz, zuzenean. Guzti horri buelta eman eta hizkuntzaren arauak errespetatuz herriko toponimia egokitzeko lan handia egin du euskara sailak. Leku izen asko herrian nola ezagutzen diren aztertu, orain arte nola idatzi ohi izan diren begiratu eta egungo irizpideen arabera moldatu dira, hizkuntza irizpideak errespetatuz eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako arauak betez toponimia lantzerakoan, beti ere jatorria eta toki horiek herrian nola ezagutzen diren kontuan hartuta.

Mapak osatzerakoan eta berritzerakoan ezinbestekoa izan da hainbat herritarren laguntza, Aurrera mendi Taldeko kideena esaterako. Horrez gain, berrikuntza prozesua Andoni Basterretxearen eta Augustin Zubikarairen lanetan oinarritu dugu, beraienak baitira herriko hizkera eta toponimia hobekien batuta laga zituzten lanak.

Hiru mapa berri hauekin (toponimikoa, turistikoa eta interaktiboa), maiatzean argitaratu zen lau hizkuntzatako (Euskara-Gaztelera, Euskara-Ingelera eta Euskara-Frantsesa) herriko zerbitzuen (ostalaritza, interesguneak, telefonoak, zerbitzuak, GR ibilbideak…) mapa berriarekin eta hurrengo asteetan argitaratuko den zerbitzu gidarekin batera osatutzat emango da udalak herritarrentzako zein kanpotik datozen bisitarientzako, erakundeentzako, enpresentzako eta beharrizana daukan ororentzako prestatutako bilduma osoa, berria eta gaurkotua.

[IKUSI HEMEN ONDARROAKO BISORE INTERAKTIBOA]

Mapa turistikoa, bisitan datozenek herriko puntu esanguratsuenak non dauden jakin dezaten.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina