Ondarroa ‘Euskadi Lagunkoia’ sarera batu da

0

Euskadi Lagunkoia sarea Eusko Jaurlaritzak eta Matia Fundazioak sustatutako ekimena da eta bere helburua adinekoek eta, oro har, herritarrek herriak hobetzen parte hartzea bultzatzea da, zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko. Ondarroa sarera batu den 67. herria da.

85 urte bete zituztenei omenaldia, Antiguako Ama elkartean, 2019ko abenduan. Argazkia: Klik-Klak.

Adinekoak aintzat hartzen dituzten ingurune fisikoak pertsona guztientzako independentziaren eta dependentziaren arteko ezberdintasuna izan daitezke, baina bereziki garrantzitsuak dira zahartzen ari direnentzat (OME, 2002: “Envejecimiento activo: un marco político”)

Abenduaren amaieran sinatu zuen atxikimendua udalak, baina aurretiaz bi urteko lanketa egiten ari ziren ongizate batzordetik abiatuta. Ondarroan 2019an aktibatu zen talde eragilea eta 2019-2020 artean aurrediagnostiko bat egin zuten. Ondoren, 2020an, zenbait talde eragile antolatzen hasi ziren, baina pandemiaren ondorioz, aurreikusitako egitura aldatu eta bi multzotara mugatu zen: bata zaintzarekin lotua eta bestea merkataritzarekin.

Bizitza aktiboa eta autonomoa izaten jarraitzea, hein handi batean, hiri diseinua lagunkoia izatearen, segurtasuna bermatzearen eta etxeko inguruneak egokitzearen menpe dago. Proiektu hau zahartze aktiboaren paradigmaren pean garatzen da. Adinekoekin lagunkoia den inguruneak egiturak eta zerbitzuak berrantolatzen ditu, banakoen behar eta ahalmen ezberdinetara egoki daitezen, eta, hala, haien partaidetza sustatzen du.

Herriko nagusienek Ondarroa nola ikusten duten jakiteko, inkesta eta telefono deiak egin zaizkie 65 urtetik gorako herritarrei, eta orain erantzun eta iritzi guzti horiekin txosten bat prestatzen ari dira. Txosten horretan jasoko dira herriko nagusiek ikusi dituzten indarguneak, ahulguneak, ondo daudenak eta hobetu beharrekoak. Udalak bere sail ezberdinen bitartez (ongizatea, hirigintza, berdintasuna, kirola, kultura…) hemendik aurrera egingo dituen hobekuntzak eta aurrera eramango dituen programak txostenean agertuko diren ondorio nagusiak kontuan hartuta izango dira.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina