Antxoa Egune, San Juan suak, Gorozikako jaiak eta Kamiñazpiko jaiak, bertan behera

0

Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, Ondarroako Udalaren kultura batzordeak aurtengo Antxoa Egune eta San Juanak bertan behera uztea erabaki du, koronabirusarengatik; erabaki berdina hartu dute Gorozikako eta Kamiñazpiko jaiak antolatzeaz arduratzen diren bi auzoetako jai batzordeek. Jai hauetan jende pilaketa handiak ematen dira espazio nahiko txikian eta horrek ez du ahalbidetzen gutxieneko segurtasun neurriekin ekintzak gauzatzeko aukerarik.

San Juan bezperako akelarrea. Plaza bete jende batzen da Artelanek antolatutako ekintza honetan.

Kamiñazpiko jaietako paella jana. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.

Erabaki proposamenak batzordera eraman zituen astelehenean Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak, eta batzordera bertaratu diren herriko kultur taldek begi onez hartu zuten batzordeburuaren proposamena. Ordurako, Ondarroako Udalaren kultura saila Gorozikako eta Kamiñazpiko jai batzordeekin harremanetan jarria zegoen, eta biek euren auzoetako jaiak aurten ere bertan behera uzteko asmoa irmoa zela adierazi zuten.

Antxoa Eguna Ondarroako Udalak antolatzen du eta maiatzaren 15ean zen ospatzekoa gauzak ondo joan izan balira. “Iaz etxean geunden denok eta horrek modu seguruan egitarau bat antolatzea ahalbidetu zigun. Gaur egun, ostera, horrelako jai bat antolatzeak segurtasun bermerik ez egotea ekarriko luke, batetik espazio txikian jende asko pilatzen delako distantziarik mantendu gabe, eta bestetik, egun guztiko jaia izanik, jende pilaketa hori denbora luzekoa izango litzatekeelako”, esan du kultura batzordeburuak. Berdina gertatzen da San Juan bezperako gauarekin ere: “antolatzen diren suak eta horien inguruan egiten diren ekintzak jende askoren bilgune izaten dira eta une honetan saihestu egin behar dugu hori. Zer esanik ez Artelanen akelarrean edo Artakaren oihal eta trapezio ikuskizunean batzen den jendetza”.

Antxoa Eguna izan behar zenari kutsu berezia emateko asmoarekin pintxo lehiaketa egitea proposatu zien udalak beste urteetako lehiaketetan parte hartu izan ohi duten tabernariei: “asmoa antxoa pintxoak egin, tabernetan saldu eta herritarrek bozketa bidez irabazlea nor zen erabakitzea zen, baina ez da aurrera atera gure asmoa, ez baita lehiakide nahikorik aurkeztu”.

Antxoa Egunean jende asko batzen da, bereziki, Alde Zaharrean.

Zilarrezko Antxoa, bai. Aurten Antxoa Egunik ospatuko ez den arren kultura batzordeburuak esan du Zilarrezko Antxoa berdin-berdin emango dela, “badagoelako benetan merezi duenik”. Saria zeinentzako izango den aurrerago argituko dutela esan du kultura zinegotziak, baina azpimarratu du badakiela herritarrek sariduna nor den jakitean ondo hartuko dutela, “egindako lanak aitortza handia merezi duelako herrian”. Horrez gain, gogora ekarri nahi izan du iazko Zilarrezko Antxoa, Artibai Egoitzako langileentzako dena, ekitaldi batean langile, egoiliar eta senideak batu ahal direnean emango dela, “hori zen eta hasiera-hasieratik geneukan helburua, egoitzako familia osoa sari horren parte sentitzea. Uste dugu merezi duela behar beste itxarotea baina saria ohore eta aitortza guztiak eginez eman ahal izatea, jendaurrean”.

2020ko Zilarrezko Antxoaren irabazleak ezagutzera emateko Jon Maiak botatako bertsoa.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina