Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek herriotako merkatu plazak indartzeko asmoarekin eta bezero berriak erakarri eta daudenak saritzeko asmoarekin, hilabetero otzara eder baten zozketa egingo dute. Otzara, bertoko produktuekin osatuta egongo da eta ekimenean Lea Artibai Landa Garapenerako Alkartearen laguntza eduki dute udalek.
Eskualdeko Landagarapen Alkartea jakitun da merkatu plazen egoeraren larritasunaz eta estrategia sakonago bat landu behar dela egoerari buelta emateko. Hala ere, ekintza txikiak eginez hastea erabaki da eta bien bitartean gai sakonagoak lantzea proposatuko da.
Irailean hasi eta abendura arte hilero otzara bat zozketatuko da eskualdeko merkatu plaza bakoitzean. Hilabete guztian merkatu plazan erosketak egiterakoan txarteltxo bat emango zaio bezeroari eta hilabete guztian erosketak egin dituztenen artean otzara zozketatuko da.
Hauek dira Ondarroan egongo diren zozketa egunak:
- Irailak 28.
- Urriak 26.
- Azaroak 30.
- Abenduak 14.
Zozketak egitean, telefonoz deituko zaio irabazleari, eta unean bertan jasotzeko aukerarik ez badauka, Udaltzaingotik pasa beharko da otzararen bila.