Etxelilak ikasturte berrirako programazioa aurkeztu du

0

Etxelilaren programazioa bete- bete eginda dator aurten ere. Ondarroako Udalaren berdintasun sailak eta Etxelilak ekimenez eta zerbitzuz betetako programa osatu dute. Sonia Garcia Fuentesek egin du programaren azaleko irudia.

Matrikulazioa urriaren 2an zabalduko da.

Sei oinarri edukiko ditu aurtengo programazioak: solasaldi irekiak, ikastaroak, gizonezkoentzako ikastaroak, talde irekiak, erakusketak eta zerbitzu berriak. Solasaldi irekien zikloan gai asko eta anitzak landuko dira, arloz-arloko adituekin: literatura Miren Agur Meabe eta Uxue Alberdirekin, indarkeria obstetrikoa Estitxu Fernandez eta Nahia Alkortarekin, haurdunaldi surbrogatuak June Fernandezen eskutik, minbizia… herriko hizlariak ere egongo dira: Miren Jone Lizarzaburu edo Andrak Erramutan esaterako.

[KONTSULTATU HEMEN 2024/2025eko PROGRAMAZIOA]

Zerbitzu berri bi egongo dira aurten Etxelilan: Emakumeentzako aholkularitza juridikoa eta sexu aholkularitza bulegoa.

Jabekuntza Eskolaren baitan sei ikastaro eskainiko dira: literatur tailerra, euskal wiki-emakumeok Ondarroan, emakumeen zikloak eta osasun hormonala, zoru pelbikoa lantzen, coaching feminista eta bizikleta-mekanikako tailerra.

Gizonezkoek ere izango dute feminismoaz hausnartzeko tartea Etxelilan, maskulinitateari buruzko gogoeta kritikoa sustatzeko. Tailer independienteak izango dira, eta ez da beharrezkoa izena guztietan ematea: Indarkeria matxista. Identifikatzen al dugu gizonok?, aitatasun aktiboak eta arduratsuak, gizontasuna eta sexualitatea: zerk egiten nau hetero? eta eraso matxistak eta hauen kudeaketa: zein da gizonon erantzukizuna?

[KONTSULTATU HEMEN 2024/2025eko PROGRAMAZIOA]

Etxelilaren ordutegia: goizetan, eguazten eta eguenetan, 10:00etatik 13:00era. Arratsaldez, martitzenetik barikura, 16:00etatik 20:00etara.

Urteak martxan daramatzaten beste bi oinarrik ere betiko bidetik jarraituko dute aurten ere; talde irekiak eta erakusketak izango dira. Talde irekien artean, lau aukeran: Andrabanda Feminista, Aringaingan, Boga-Boga Emakumin elkarti eta Gazte feministen Txokoa. Hiru erakusketa egongo dira aurten: urria eta abendua bitartean Hormak Palestina erakusketa, datorren urteko martxoan Bollologia: Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat (1977-2010) eta LGTBIQ+fobia gorroto delitu eta diskurtsoak, maiatza eta ekaina bitartean.

[KONTSULTATU HEMEN 2024/2025eko PROGRAMAZIOA]

Eta nola ez, Txomin Agirre udal liburutegiarekin elkarlanean Liburutegi Feminista ere egongo da zabalik.

ZERBITZU BERRIAK. Emakumeentzako aholkularitza juridikoa eta sexu aholkularitza bulegoa. Udalaren berdintasun sailak zerbitzu berri bi zabalduko ditu aurten Etxelilan. Emakumeen topalekuaren zerbitzu karta zabaltzeko apustua egiten jarraitzen du udalak, eta zerbitzu bi hauek horren erakusle dira. Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziaren esanetan «udalaren apustu irmoa dira zebitzu berri hauek, eta herritarrentzat oso garrantzitsuak izan daitezke»; emakumeentzako aholkularitza juridikoa eta sexu informazio bulegoa dira.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina