Film sozialak Nazioarteko Zinema Ikusezinaren 16.jaialdia Ondarroara iritsiko da domekan (urriak 13) 18:30ean. KCD Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatzen du eta Komunikazioaren eta kulturaren bidez garapen gizatiarra, kulturartekoa, bidezkoa eta jasangarria sustatzea du xede.
Jaialdi honetan ohiko zinema-aretoetan normalean proiektatzen ez diren filmak izaten dira ikusgai, askotarikoak eta gizartearekiko konpromisoa aldarrikatzen dutenak. Jaialdiak lau ekintza-ardatz ditu: jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kulturartekotasuna eta giza eskubideak.
Emanaldian, jarraian zerrendatzen diren sei film labur eskainiko dira. Sarrera doakoa da, aforoa bete arte.
Urriaren 13an, domekan, 18:30ean, Kofradia Zaharrean, ikusgai:
WRITE MY NAME
- Aniez Atlas / Fikzioa. GIZA ESKUBIDEAK.
- Palestina, Espainia / 2024 / 4 min
Gerran zehar, lau neba-arrebak beren izenak norberaren hankan idazteko eskatzen diote amari.
ZAINTZEN DUTEN EMAKUME BASERRITARRAK
- Itxaso Díaz / Dokumentala. JASANGARRITASUNA.
- Euskal Herria / 2024 / 6 min
Ezagutu zein den Euskal Herriko zaintzetarako eta elikadura-burujabetzarako proposamena, Durangaldeko emakume baserritarren bidez.
LA CULPABLE
- María Guerra / Fikzioa. GENERO BERDINTASUNA.
- Espainia / 2024 / 10 min
Virginia López-Medinari elkarrizketa bat egin diote zinemako lanbide ezezagunei buruzko dokumental baterako. Bizitza osoa eman zu zinemagintzan, eta poz-pozik dago bere aitarengandik ikasitako lanbideari ikusgarritasuna emateaz. Virginiak dotoretasun handiz jarduten du elkarrizketa errodatzen den bitartean gertatzen diren istripu txikien aurrean: atzealdean entzuten diren ahotsak, egokitu behar den argia, txartelekin sortzen diren arazoak eta abar.
PUZZLEAK
- Kote Camacho / Dokumentala. GENERO BERDINTASUNA.
- Espainia / 2023/ 15 min
Neska gazte batek bere bizitzako une latzak gogoratu beharko ditu, berak ezagutzen ez zituen antzinako irudi batzuk Interneten zabaldu direla ohartutakoan. Bere oroimenetik guztiz ezabatuak zituen une horiek, baina orain egoerari aurre egitea beste aukerarik ez du.
WILL MY PARENTS COME TO SEE ME
- Mo Harawe / Fikzioa. GIZA ESKUBIDEAK.
- Somalia / 2022 / 27 min
Eskarmentu handiko emakume polizia somaliar batek preso gazte bat eramaten du, beste behin ere, Somaliako sistema judizialaren prozeduretan zehar.
RETOUR AU CINEMA VOX
- Amina Awa Niang / Fikzioa. KULTURARTEKOTASUNA.
- Senegal / 2023 / 33 min
Junior eta Mamadou beren aitonak berradiskidetzen saiatuko dira, Ousmane Sembèneren zinemak inspiratuta. Aitonak lagunak izan ziren 60ko hamarkadan. Laguntasuna hautsi egin zen, ordea, desadostasun artistiko bat zela eta. Hamarkada batzuk geroago, amaitu gabeko filma bukatzea erabaki dute mutilek. Horrela, aitonen arteko harremanak berreskuratzen eta aitonak elkartu zituen zinemazaletasuna berpizten saiatuko dira mutilak.