550 euroko dirulaguntza eman die udalak herriko ostalariei, jasandako itxierak direla eta

0

Ondarroako Udalak diruz lagundu dio herriko ostalaritzari, eduki dituzten zailtasunak eta batez ere azaroan eduki zuten itxiera bezalako egoerei aurre egiteko. Deialdian eskaera egin zuen ostalari bakoitzari 550 euroko ditu laguntza eman dio udalak, Lea Artibai Garapen Agentziaren bitartez. Guztira 35 taberna eta jatetxe izan dira udalak diruz lagundu dituenak eta guztira 19.250 euroko partida bideratu da laguntza horietara.

“Udalak ahal duen mailan laguntzeko konpromisoa hartu zuen herriko ostalari eta merkatariekin pandemia hasi zenean, eta apurka-apurka bada ere bagoaz ahal dugun laguntza guztia ematen”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak. “Azken batean gure herrian dagoen sektore garrantzitsuenetako bat dira ostalaritza eta merkataritza”.

Orain, merkataritzari eta zerbitzuei. Ostalariei emandako laguntza zuzenaz gain, udara bideratutako merkataritza eta zerbitzueterako bonoak nola eta zein formatutan lantzen ari da orain udala, besteak beste, bidelagun den Zatozte elkartearekin. “Udaletik ateratzen ditugun bonoek beti izaten dute erantzun ona, bai herritarren artean eta baita merkatarien artean ere, eta zein formatutan eta noiz atera aztertzen ari gara orain. Halako asmo guztietan Zatozte dugu bidelagun, beraiek baitira hobekien herriko ostalarien eta merkatarien gehiengoaren egoera hobeto ezagutzen dutenak”.
Bonuekin gainera, bi helburu betetzen dira: herriko merkatariei laguntzea alde batetik eta herritarren eros ahalmena handitzea bestetik. “Herria eta herritarrak laguntza hauen ardatza”.

Iazko maiatzean eta irailean ere atera zituen herriko mertakataritza sustatzeko eta herritarren eros ahalmena bultzatzeko bonoak, Ondarroako Bonoak eta Ikasturte Hasierako Bonoak hain zuzen, eta biek izan zuten erantzun ona, batez ere lehenengoak. Horien balorazio positiboak ikusita, berriz ere bide beretik abiatzea da udalaren helburuetako bat.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina