Egitarau zabala prestatu du udalak maiatzaren 13an izango den Antxoa Egunerako

1

Aurtengo Antxoa Eguna Maiatzaren 13an izango da eta aurreko urteetan ez bezala aurten Ondarroako Udala arduratuko da eguna antolatzeaz. Urtero banatzen den Zilarrezko Antxoa berriz, Arri (Jon Arrizabalaga) eta Botx (Jose Mari Aranbarri) bertsolariek jasoko dute.

Ondarrutarrentzat egunak daukan garrantzia ikusita, udalak, antolaketa bere gain hartzea erabaki du. Hori horrela izanda, udalarentzat ezinbestekoa izan da jaia antolatzeko lanetan herriko talde eta eragileen parte hartzea. ‘Herriko eragile, tabernari eta elkarte gastronomikoekin elkartu gara, guztion artean Antxoa Eguna antolatzeko, horiek gabe Antxoa Egunak berak zentzua ere galtzen duelako’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Denon artean osatutako egitaraua
Egitarauari dagokionean, eguaztenean hasi eta domekara arte luzatuko den egitaraua aurkeztu du udalak. ‘Hitzaldiak, kontzertuak, estropadak, pintxo dastaketa eta lehiaketa, kale animazioa… izango dira aurten Ondarroan, herritarrak eta kanpotik datozen guztiek Antxoa Egunaz gozatzeko aukera izango dute zapatuan’ gaineratu du alkateak.

Goizeko 12:00etan turrunak emango dio jaiari hasiera. Ordutik aurrera pintxo dastaketa izango da Kantoipen eta Nasa kalean jarriko diren standetan eta hurrengo tabernetan: Alai, Anaitasuna, Apallu, Arkupe, Arrantzale, Badis, Batzokia, Beikozini, Boga-Boga, Cantabrico, Gaztedi, Gelasio, Idoia, Kabia, Ku-kua, Kulixka, Leokadin Bodegoi, Maddi, Mamu, Sutargi, Torrepe, Txanpa, Xirula eta Zamoran. Horretaz gain, tabernen arteko pintxo lehiaketa ere izango da eta bertan parte hartuko dute, Apallu, Batzokia, Beikozini, Cantabrico, Kulixka, Torrepe eta Txanpak. Arratsaldean berriz, kirola eta musika izango da nagusi Ondarroan. Izan ere, 16:00etan Trainerilen Bizkaiko Txapelketarako sailkapen estropadak izango dira eta 19:30ean Agosti eta Barrena eta Joxe Replai taldeak ibiliko dira kale animazioan eta 20:00etan Ezten Giro taldearen kontzertua izango da Itsasaurre plazan.

Urtero herriko elkarte edo pertsonaiei omenaldi txiki bat egiteko helburuarekin Zilarrezko Antxoa banatzen du udalak. ‘Aurten herrian ezagunak diren Arri eta Botx bertsolariek jasoko dute omenaldi txiki hau, beraien ibilbide luzean Ondarroako bertsolaritzari egindako ekarpenari keinu moduan’ dio Leire Beitia Ondarroako Udaleko zinegotziak. Udalak gaur egun oraindik bi bertsolariek bertsolaritzari eta herriari eskainitako lana nabarmendu nahi izan du eta horregatik, Zilarrezko Antxoa beraiei ematea erabaki du.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Iruzkin 1

  1. Aparte, Ondarruko Gazte Asanbladako kidik 13+14 urteurrenaz tope gabiz. Horren harire, gaztetxin kontzertuk eongo ri gabaz Kohatu (Durangaldi) eta Nafarroa 1512 (Sakana).

    Anima eta etorri!!!

Idatzi zure iruzkina