Ondarroako KIUB edo Kontsumo Bulegoan etxez-etxeko salmentaren inguruko kexa ugari jaso dituzte aspaldian eta hori dela eta, kontuan izateko hainbat ohar gogora ekarri ditu.
Etxez-etxeko salmenta burutzen dutenak profesional onak dira eta beraz, sarri askotan erosleak kontuan izan beharreko kontuak ahaztu egiten dituzte. Gogoratu mota honetako salerosketak kontratu baten bitartez egin behar direla eta kontratuan erosketa data argi azaldu behar dela. Horretaz aparte, erosleak beti izan behar du aipatutako kontratuaren kopia bat. Kontratu horretan erosleak 14 eguneko epea izango du kontratua bertan behera lagatzeko ezelako arrazoirik azaldu barik. Gai honekin lotuta, telefono bidez ere kontratuak sinatu daitezkeela adierazi dute Kontsumo bulegotik eta beraz, horrelako kontratu bat hitzartzerakoan edozein zalantza izanez gero, deia eten eta zalantzak argitzeko gomendioa luzatu dute.
Bukatzeko, gerta daitekeena aurreikusteko KIUB-ek saltzaileak emandako eskuorri, faktura edo antzeko euskarriak gordetzeko gomendioa egiten du.
Gai honi lotutako edota bestelako zalantzak argitzeko gogoratu KIUB bulegoa eguenetan zabalik egoten dela eta gerturatu ezin dutenentzat honako telefono zenbaki hau dago eskura 94 6830498, bertan mezua utzi eta teknikariak zuekin harremanetan jarriko dira.