Antxoa egunaren antolaketan parte hartu duten tabernari, herriko talde eta elkarte gastronomikoekin Antxoa Eguna baloratzeko hiru bilera egin ditu Ondarroako Udalak. Orokorrean egunaren antolaketaz pozik azaldu dira bileretan parte hartu dutenak. ‘Herritarrek lanen banaketa eta egunean bertan antolaketan parte hartzen ari zirenei eskainitako arreta ondo baloratu dituzte’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Horretaz gain, pintxo lehiaketa berreskuratzeko ahalegina ere ondo baloratu dute parte hartzaileek.
Hurrengo urtera begira baina zer hobetu badagoela ere azpimarratu dute. Izan ere, egunean bertan sortutako hondakin kopurua gutxitzeko, plater eta edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko asmoa dauka udalak.
Udalak bere aldetik eskerrak eman nahi dizkio hain denbora gutxiko tartean Antxoa Eguna antolatzeko esfortzua egin duten herritarrei. ‘Herritarrek egindako lanarengatik ez balitz ezin izango genuke gure herrian hain garrantzitsua den Antxoa Eguna ospatu’ nabarmendu du herriko alkateak.
Bukatzeko, Antxoa Egunean bertan jaso ezin izan zuen Botx-ek ere jaso zuen zilarrezko antxoa.