10 saioko bi txanda izango dira: uztailaren 2tik 13ra lehena, eta uztailaren 16tik 27ra bigarrena. Astelehenetik ostiralera izango da 9:30etatik 13:00etara. Izena emateko epea maiatzaren 31 arte izango da, baina ekainaren 11tik 28ra bitarte plaza libreak egotekotan aukera izango da oraindik.Haurrentzako Kirol Anitza eta Ingurumeneko Jarduera izango dira udararako prestatutako ekimen garrantzitsuena. Udal Kirol Sailaren proiektuaren helburuetako bat da kirol aniztasuna bultzatzea, eta haurrek, denetariko kirolak ezagutzea.
Eredu estereotipatuak gainditzea izango da erronka nagusi bat eta jarduera guztietan neska zein mutilen parte hartzea sustatzea. Honela, genero aldetik oso markatuak dauden kirol eta jokoetan arituko dira haur guztiak: arrauna, eskalada, herri kirolak, patinajea, ping-ponga, hondartzako bolei edo zumba izango dira kirolak. Jolasak ere izango dira altxorraren bila, sentsibilizazio jokoak, joko kooperatiboak edo ur jolasak, adibidez.
Ekimen honen bitartez, haurrek oporraldi aktibo bat pasatzeko aukera izango dute, kirol monitore edota aisialdi monitoreen laguntzarekin. Honela ere, familia eta lanaren arteko kontziliazioa erraztea bilatzen du ekimen honek, udan haurren zaintza erraztu ahal izateko.
Horretaz gain, Udalak sentsibilizazio saioak eskainiko dizkie parte hartzaileei, aniztasun funtzionala dutenen esperientziara hurbiltzeko.