Ondarroako Udalak Andra Mari jaien lehen balorazio positiboa egin du, elkarteekin bildu aurretik

0

Herriko elkarte eta eragileekin bildu aurretik udalak lehen balorazio positiboa egin du Andra Mari jaien inguruan, hobetzeko gauzak beti daudela jakinda. Egunez, azken urteetako jende gehien ibili da herriko kaleetan, eguraldia lagun. Eraso sexistak artatzeko jarritako telefono zenbakian ez da dei batik jaso abzutuaren 13tik 17ra bitartean. Kultura eta Berdintasun batzordeek laister egingo dituzte balorazio zehatzagoak.

Txintxirrika Egunean Irrien Lagunaken ikuskizuna egon zen Musika Plazan.

Herritarrek jaietan edukitako parte hartzea azpimarratu nahi izan dute udal ordezkariek. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan du jai herrikoiak izatea dutela helburu Andra Mariek eta hori urtez-urte lortzen ari dela: “jai batzordeak ahalegin handia egiten du jaiak parte hartzaileak izateko eta herritarren erantzuna bikaina izan da oraingoan”. Adin guztietako herritarren parte hartze maila handia nabarmendu du: “ume, gazte, heldu eta nagusiek asko parte hartu dute bakoitzari zuzendutako ekintzetan eta hori poztekoa da”. Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak azpimarratu du zezensuzkoa ez ezik beste ekintza guztiak aurreikusi bezala burutu ahal izan direla, eta ekintza batzuetan gorabeheraren bat egon bada ere giro onean burutu direla guztiak.

Kresalako danborradan jende ugarik parte hartu zuen, Gazte Egunean.

Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak azpimarratu du eraso sexistei aurre egiteko arreta telefonoan ez dela deirik jaso abuztuaren 13tik 17ra, eta hori “albiste ona” dela. Hala eta guztiz ere Berdintasun sailetik balorazio zehatzagoa egindakoan aztertuko direla zehazki zer nolako jaiak izan diren; gune guztietan gertatutakoa aztertuko dute. “Momentuz ez daukagu inolako salaketen berri”. Jaien aurretik landutako protokoloari ere garrantzia eman dio Alkortak prebentzioan lan egiteko, eta hurrengo urteetan ere protokolo hori lantzen jarraitzeko asmoa erakutsi du: “protokoloa zehaztu eta landu nahi dugu, jai eremuaz gain gainontzeko lekuetan ere eraso sexistarik ez gertatzeko”.

Leokadi herritarrekin, Kortxeletik jaitsi ostean.

Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak kirol ekitaldiek eduki duten presentzia eta ikusle kopurua azpimarratu nahi izan ditu: “ohikoak diren kirol erakustaldietan herritar asko egon dira, hala nola, estropadetan, esku-pilotan, futboleko sarietan edo herri kiroletan”. Kiroletik berdintasunaren alde emandako urrtas bi azpimarratu ditu Badiolak: arraun elkarteko nesken trainerua lehen aldiz ligan herrian uretan ikustea eta lehen aldiz baita ere futboleko Andra Mari saria antolatzea.

Alkateak azpimarratu du urtero legez egon dela herriko gauzak hondatzen ibili denik ere: zuhaitz bat errotik aterata agertu zen 18 goizaldean, erakusleihoren bat ere kaltetu da, Alamedako komun publikoa zikinkeriaz beteta agertu zen 16 goizean eta herriko frontoian margoketa bi agertu ziren 14 goizean. Tiobiboetan musika ez sexista eta euskarazkoa ipintzeko sinatutako hitzarmena ez zuten bete une batzuetan eta hori hobetu beharreko puntu bat dela azpimarratu du. Hala eta guztiz ere, alkateak eskerrak eman nahi izan zikien herritarrei euren jarrerarengatik eta Andra Mari jaiak giro onean burutzeagatik.

Laister batuko dira Kultura eta Berdintasun batzordeak Andra Mari jaien balorazio zehatza egiteko, ekintzaz-ekintza, ondo egindakoak kontuan hartzeko eta gaizki egindakoak hobetzeko.

Falcons de Vilafranca Alamedan.

Txintxirrika Eguneko txokolatada, Artelanen eskutik.

Ohorezko aurreskua, aurten ere herriari eskainia.

Marmitako lehiaketako saridunak.

Kevinth Cardonak irabazi zuen kukaña Arrantzale Egunean, hirugarren aldiz.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina