Andra Mari jaien balorazio positiboa egin dute kultur batzordeak eta Emakume Kontseiluak

0

Eguenean batu ziren udaletxean Kultur Batzordean herriko taldeak eta bertan egon zuten jaien balorazio orokorra, Andra Mari jaiak igaro eta hilabetera. Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak jaien biharamunean egindako balorazioa berretsi zuen eta Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak Emakumeen Kontseiluan egindako balorazioa eman zuen jakitera.

[IKUSI HEMEN ANDRA MARI JAIETAKO ARGAZKI ETA BIDEOAK]

Herriko zenbait kultur taldetako ordezkariek eta udaleko bi taldeetako ordezkariek parte hartu zuten balorazio bileran,. Orokorrean jaien balorazio ona egin zen, gehien bat azken urteetan bultzatu den helburuetako bat betetzen ari delako, Andra Mari jaiak egunez bultzatzea eta indartzea. Bertaratutako gehiengoek egunez jende asko ibili zela aitortu zuen eta kaleetan giro polita ikusten zela. Estropadak jokatu ziren larunbatean, bereziki, giro aparta egon zela aitortu zuten bertaratutakoek, eguraldia lagun izateak eta jarritako azpiegitura guztiek horretara laguntzen baitute, Arraun Elkarteak bizi duen momentu onak bultzatutako zalegoaz gain. Hurrengo eguneko ETE ligako estropadan ere jendea hurbildu zen kai musturrera, eguraldiak lagundu ez arren.

Leokadi herritarrekin, Kortxeletik jaitsi ostean.

Dantzarteren dantza ikuskizuna, danborrada, Kortxeleko Mamueak, Kafeko Atzeko erromeriak, Kuadrilla Eguneko bazkaria, Itsasaurreko kontzertuak, Falcons de Vilafranca taldearen ikuskizuna, bertsolariak, Bentazaharreko Neska-Mutiko Alaiak eta umeen eta nagusien kukañak oso ondo baloratu zituzten antolakuntzan aritu ziren taldeetako ordezkariek eta udal arduradunek. Guztietan herritar askok parte hartu zuela eta pozik agertu zen kultura zinegotzia.

[IKUSI HEMEN ANDRA MARI JAIETAKO ARGAZKI ETA BIDEOAK]

Andra Mari egun goizean herriko txistulariek egin ohi duten kalejira bertan behera geratu ziren, materiala gordeta zeukaten gelako giltza agertu ez zelako egon behar zen lekuan. Umeen parkeari dagokionez udal ordezkariek esan zuten aurten saio bakoitzeko puzgarri gutxiago ipini behar izan zirela dagoen legedia betetze aldera: distantziak, segurtasun lotuneak… Zezensuzkoa ere ez zen atera su-artifizialen ondoren, enpresak berak arazo bat eduki zuelako. Hurrengo egunean egin zen zezensuzkoa, eta egun aldaketaz ohartarazteko bandoa pasa zuten udaltzainek. Andrabandako kideek aitortu zuten programan ez zela agertu abuztuaren 14 iluntzeko euren kalejira, beraiek berandu ibili zirelako, baina kaleetan oso giro onean egin zutela euren ekintza. Arrantzale Eguneko Oihan Vega Djaren emanaldian, norbaitek izotza jaurti zion eta momentu batez geratu egin behar izan zuen ikuskizuna Djak.

Marmitako lehiaketako saridunak.

Emakume Kontseiluaren balorazioa

“Jaien testuinguruan eraso sexistak areagotu egin daitezkeela ikusita, azken urteetan bezala, aurten ere Emakume Kontseilutik eta mugimendu feministatik Andramariei begira, jaien testuinguruan ematen den indarkeria sexista prebenitzeko hainbat jarduera eta tresna jarri ziren martxan”, esan zuen Irina Alkorta Berdinatsun zinegotziak. Uztailean zehar, txosnaguneekin elkarlanean, protokoloa berraztertu eta eguneratu genuen, pasa diren jaietan zein aurrera begira, martxan jartzeko. Horrekin batera, tabernariek errealitate honetan daukaten arduragatik, protokoloaren sozializazioa ere egin genuen beraiekin, inplikazioa bilatzeko helburuarekin eta herriko tabernetan ere protokoloa martxan jarri zedin. Berritasun gisara, eraso sexisten arretarako telefono zerbitzua ere martxan jarri genuen.

Protokoloa behin aktibatu behar izan zen, Musika Plazako txosnetan gau batean. Musika itzali eta bozgorailuetatik mutil bati jaigunetik joateko eskatu zitzaion. Protokoloa martxan jarri eta berehala amaitu zen arazoa.

Jaien aurretik Alamedan egin zen elkarretaratzea.

Protokoloaren lanketaren bitartez, eraso sexisten prebentziorako eta eraso sexistarik gabeko Andramari jaiak lortzeko, beste hainbat jarduera eta tresna ere jarri genituen: indarkeria sexistarik gabeko gunea, Billurrak guaz jai! zapien banaketa, jaien bezperan egin zen kontzentrazioa eta abar. Zinegotziak gehitu zuen jaietarako ipinitako telefono zerbitzuan ez zela deirik jaso, baina horrek ez duela esan nahi erasorik eman ez denik. “Horregatik, hurrengo urteetara begira arreta telefonoa mantendu eta sozializatzen jarraitu behar dugula uste dugu”.

“Ez dugu aipatu gabe utzi nahi norabide berean lanean diharduen Hezkidetza Proiektua ere, hezkidetzatik urteetan zehar egiten den lanketaren emaitza ere badirelako herrian egin diren aurrerapausoak” esan zuen Alkortak balorazioaren amaieran.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina