Ondarroako Udalak aurten ere gidabaimena euskaraz ateratzeko diru laguntzak eskainiko dizkie herritarrei. Ondarroan gazteak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak, %90etik gora, eta ikasketak ere euskaraz egiten dituzten arren gidabaimena ateratzeko orduan gaztelerara jotzen dute gehienek.
Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak azaldu du herriko gazteek ikasketa prozesua euskaraz egiten duten bezala, gidabaimena ere euskaraz ateratzea litzatekeela naturalena: “gidabaimena euskaraz ateratzeko dauden zailtasunak handiagoak direla burutik kendu behar dugu”. “Hesi hori apurtzeko” gidabaimeneko azterketa teorikoa euskaraz egiteko laguntzak ematea erabaki du udalak.
Deialdia hemendik gutxira publikatuko da eta orduan eskatu ahal izango dute laguntza hurrengo hilabeteetan azterketa teorikoa euskaraz egiteko asmoa duten guztiek. Bien bitartean, informazio gehiago nahi dutenek udal euskara zerbitzura jo dezakete, mrey@ondarroa.eus posta elektronikora idatziz edo 94 6833668 telefono zenbakira deituz.