Internet eta telefono zerbitzuekin arazoak eduki dituzten herritarrentzako aholkularitza eskainiko du Ondarroako Udalak Kontsumo Bulegoan

0

Ondarroan azken hiru egunetan Internet eta telefono zerbitzu batzuekin egon diren arazoak ikusita, Ondarroako Udalak Kontsumo Bulegora hurbiltzeko deia egin die herritarrei. Kontsumo Bulegoa ostegunetan egoten da zabalik (Alamedako bulegoetan) 09:00etik-14:00etara eta bertan arazoaren aurrean nola jokatu jakiteko aholkularitza zerbitzua eskainiko zaie norbanakoei.

Aholkularitza zerbitzu horrekin batera erreklamazioen tramitazioa egiten ere lagunduko da Kontsumo Bulegotik. Bulegotik azpimarratu dute gaur (urtarrilak 16) ondarrutarrak ez ezik inguruko herrietako hainbat lagun ere etorri direla Kontsumo Bulegora, eta nahiz eta aholkularitza guztiei eskaini ahal izan erreklamazioen tramitazioa egiteko beharrezkoa dela Ondarroan erroldatuta egotea.

Ondarroako Udala ere jarri da harremanetan Internet eta telefono zerbitzuak eskaintzen dituen Movistar enpresarekin eta hauek emandako azalpenen arabera “intzidentzia zentralita batean gertatu da eta apurka-apurka konpontzen” ari dira. Herritar askori eragin die arazoak: enpresei, familiei, ikastetxeei, unibertsitateko lanak Internet bidez aurkeztu behar duten ikasleei… 2019ko abenduan ere beste bi egunez zerbitzurik gabe egon ziren hainbat herritar eta beraz, ez da halako zeozer gertatzen den lehen aldia.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak adierazi duenez udalak azalpenak eskatu dizkio enpresari baina emandako erantzuna Kontsumo Bulegoari emandako bera izan da. “Ez da hau gertatzen den lehen aldia eta oraingoan gainera hirugarren egunez. Herritarrei Kontsumo Bulegoaren bitartez erreklamazioak jartzeko zerbitzua martxan dagoela gogorarazi nahi diet”. Bedialaunetak esan du erabiltzaileen eskubideak defendatzea beharrezkoa dela eta gehiago halako enpresa handien aurrean: “Kontsumo Bulegoa kontsumitzaileei euren eskubideak defendatzen laguntzeko dago”. Bertaratu ezin dutenentzat ere posta elektronikoa eta telefono zenbakia ipini dituzte erabilgarri: ondarroakiub@ondarroa.eus eta 94 683 0498

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina