Covid-19ak erangindako salbuespenezko egoerari aurre egiten laguntzeko Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza Enplegu eta Tokiko Garapenerako Zentroak Lea-Artibai eskualdeko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresei laguntza pertsonalizatua eskaintzen ari da.
Edozein zalantza argitzeko Agentziarekin harremanetan jartzeko deia egiten die Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki eta ertainei, eta autonomoei.
Egoera ekonomiko ezegonkor honetan gobernu erakunde ezberdinak egunero ematen ari diren informazio eta dirulaguntza eskaintzak nahaste handia sortzen ari dira. Enpresa txiki eta ertainak egoera honen erdian aurkitzen dira eta Leartibai Garapen Agentziak zalantza horrek argitu eta diru-laguntzen informazioa emateko zerbitzu berezia abiarazi du. Halaber, eskualdeko autonomo eta ETEen egungo egoera zein den ezagutzeko galdetegi bat bidali zaie eta jasotako erantzunak kontutan hartuz elkarlanean arazo honi irtenbide bateratu eta zehatz bat ematea du helburu Agentziak.
Egoera honetan lagungarri izateko eskualdeko enpresen bidelagun izan nahi du Agentziak, horregatik, edozein zalantza argitzeko Agentziarekin harremanetan jartzeko deia egiten die Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki eta ertainei, eta autonomoei. Informazioa eskuratu, aholkularitza jaso, diru-laguntza ezberdinen tramitazioan lagundu eta jarraipena egiteko.
ELKARLANEAN
Leartibai Garapen Agentzia eskualdeko erakunde, eragile eta elkarteekin harreman zuzena jorratzen dabil egoera guzti honetan indarrak batu eta elkarlanean ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoz. Baina horrez gain, Bizkaia eta Euskadi mailako erakunde eta eragileekin ere etengabeko harremana du informazio zuzena eta eguneratua zuzenean jasotzeko.
ETA GERO ZER?
Egun hauetan galdera hau oso presente dago Leartibai Garapen Agentzian. Horregatik, ateratzen ari diren informazio eta laguntzen informazio gaurkotua eskaintzeaz gain, Koronabirusaren krisi hau bukatzen denean zer egin hausnartzen ari dira. Kontsumoa berpizteko neurriak hartu beharko dira. Zer egin eta nolako neurriak hartu hartu daitezkeen aztertzen ari dira eskualdeko udal, erakunde eta eragileekin elkarlanean.
HARREMANETARAKO
Leartibai Garapen Agentziak informazio eguneratua eskaintzen du bere webgunean www.leartibai.com eta Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan. 94 616 90 88 telefonoa ere erabilgarri dago behar duten guztientzat eta email helbideak ere aktibo daude kontsultak egiteko:
Turismo enpresentzat turismo@leartibai.com helbidea. Merkatari eta zerbitzu enpresentzat merkataritza@leartibai.com. Gainerakoak leartibai@leartibai.com helbidera.