Aste Santuko egitarau “bete-betea” prestatu du Ondarroako Udalak: “etxetik ere gozatzeko aukera eman nahi diogu herriari”

0

Aste Santurako egitarau bete-betea antolatu du Ondarroako Udalak. Gaur aurkeztu dute egitaraua Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak eta Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatearekin batera. Adin tarte ezberdinak eta eduki anitzak kontuan hartuta sortutako egitaraua dela esan dute.

[IKUSI EGITARAUA HEMEN]

Asmoa, herritarrak etxean egon behar diren une hauetan eta Aste Santua baliatuz jendeak ondo pasatzeko tarteak sortzea izan da: “Aste Santuko jai egunetan ondo pasatu ohi izan dugu, eta aurten egoera hau izanda ere herritarrei gozatzeko espazioak sortu nahi izan dizkiegu, egunerokotasunetik atera eta herritarrak herriko artistekin gozatzeko”. Umeentzako ipuinak eta abestiak, kirol entrenamenduak, DJak, ume zein helduentzako pintxo prestaketak, bakarrizketak… Udalaren sare sozialetatik eskainiko dira eduki guztiak: Facebooketik, Instagrametik eta YouTubeko kanaletik (egitarauan zehazten da ekintza bakoitza nondik eskainiko den). Egunero errepikatuko da eredu antzekoa: umeentzako ekintzak, kirola, pintxoen prestaketa (umeentzat eta helduentzat), musika, umorea, txaloak eta abestiak Radixutik.

[IKUSI EGITARAUA HEMEN]

Apirilaren 11an, larunbata, 20:00etako txaloen ostean danborrada joko dugu balkoietatik. Beraz, hartu sukaldeko egurrezko tresnak eta gozatu! Musika Radixu irratiak ipiniko du zuzenean.

Alkatea eta kultur eta kirol zinegotziak, egitaraua osatzeko batzarrean.

Radixu irratian ere bai. Arratsaldeko 20:00etan osasungintzako profesionalei eskaintzen zaien txalo zaparradaren ostean, 20:05ean, abesti bi ipiniko dira Radixu irratitik (105.5 FM edo Radixu.info). Herritarrei dei egiten diegu euren irratiak, mugikorrak edota daukatenen kasuan bozgorailuak balkoietara ateratzeko eta eguneko bi abestiak guztiok batera abesteko. Horren ostean, Radixu irratiak saio berezi bat eskainiko du: Uhinen Txertoa; apirilaren 9tik 13ra bitartean 20:15ean hasiko da irratsaioa eta hurrengo astetik aurrera, ostera, ostegun eta ostiraletan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 13:00era.

[IKUSI EGITARAUA HEMEN]

Alkateak zein zinegotziek eskerrak eman nahi dizkiete egitarau hau osatzen lagundu duten herriko artista guztiei.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina