Mugiment kirol txartela, txartel birtual bat da, mugikorrean dagoena, non aplikazio baten bitartez Zaldupe udal kiroldegiko abonatuak direnek programaren baitan dauden Bizkaiko eta Gipuzkoako beste herrietako udal kiroldegietako zerbitzuak erabili ahal dituzten, doan, 2022tik aurrera.
Ondarroako Udalak ia urtebete darama proiektu berri honetara atxikitzeko lanean eta dagoeneko, beharrezkoak diren urrats guztiak emanda, urtarrilaren 1etik aurrera erabilgarri egotea espero da.
Kiroldegi bakoitzak erabakitzen du gainontzeko erabiltzaileei zein zerbitzu eskaini, hau da, Zaldupe udal kiroldegiak erabakiko du beste herrietatik datozeieni zein zerbitzu eta zein ordutan uzten dizkien eskuragarri; beste herrietako kiroldegiek ere funtzionamendu bera dute herrikoak ez diren Mugiment kirol txartela daukaten erabiltzaileekin. Horrela, zerbitzu gehiago ipintzen dira herritarren esku, beti ere norbere abonatuei kalterik eragin barik. “Ondarroatik kanpo ikasten edo lanean dauden herritarrentzat edo gure kiroldegian ez dagoen zerbitzuren bat erabili nahi duenarentzat programa aproposa da. Agintaldi hasieratik geneukean helburu bat da, herriko kirolzaletasuna eta bizitza osasuntsuak bultzatzerako orduan estrategikoak baitira horrelakoak”, esan du Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak.
Nola lortu behar da txartela?
- Txartela ez da fisikoa, birtuala baizik. Mugikorrean eramaten da, instalatu behar den aplikazioaren baitan; KirolTxartela Mugiment izena du aplikazioak. Hauek dira jarraitu beharreko urratsak txartel birtuala eskuratu ahal izateko:
Mugikorrean KirolTxartela Mugiment instalatu. - Erregistratu datu pertsonalak emanez, email helbidea eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.
- Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, KirolTxartela Mugiment erabil daiteke.
- Kirol instalaziora sartzean, txartel birtuala eta NAN erakutsi behar da.
- Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez. Ondarroako Udalak bere ohiko bideetatik, posta elektronikoz eta kiroldegian ipiniko diren oharren bidez emango die jakitera abonatuei noiztik aurrera deskargatu dezaketen txartel birtuala eta beraz noiztik aurrera hasi daitezkeen erabiltzen Mugiment kirol txartelak eskaintzen dituen zerbitzuak.
Zein herri daude programan?
Bilbo, Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria, Zornotza, Bilbo, Azpeitia, Orio, Urduliz, Zumarraga, Derio, Legazpi, Abadiño, Larrabetzu, Getxo, Gorliz eta Galdakao daude Mugiment kirol txartelak eskaintzen dituzten zerbitzuetan murgilduta. Kirol txartelari buruzko informazio guztia, atxikitutako herriak eta bakoitzak eskaintzen dituen jarduerak mugikorrera jaitsi daitekeen KirolTxartela Mugiment aplikazioan edo kiroltxartela.eus web orrian dago eskuragarri.