Patxi Zubizarretak irabazi du XXII. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa

0

Patxi Zubizarretaren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Zortzi lan aurkeztu dira aurten, eta horien artean Zubizarretaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Saria urriaren 27ko (eguena) arratsaldeko seietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan: 6.000 euro eta Elkar argitaletxearekin liburua argitaratzea.

Gau otsoa da Patxi Zubizarretaren proiektuaren izenburua, eta insomnioa hartu du bere lanaren ardatz gisa, gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen gaitzen erretratua egiteko balio duen sintoma. Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du lan egiten duen aldizkariarentzat, eta hortxe dago eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena. “Laburbilduz: begirada zorrotz bezain originala gure buruari eta munduari, idazlera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia”, azpimarratu dute epaimahaikideek.

Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen Ordizian, eta Gasteizen bizi da. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idazletzari guztiz emana. Obra ugaria sortu du bai helduentzat bai, batik bat, haur eta gazteentzat, eta ezin konta ahala dira irabazi dituen sariak. Besteak beste, haur eta gazte literaturako Euskadi Saria lau aldiz. Itzulpenak ere egin izan ditu, eta beste artista zenbaitekin batera ondutako ikus-entzunezko eta errezitaldiak.

Iazko irabazle Mikel Alvarez Sarriegik ere ekitaldi berean aurkeztuko du bere nobela, Euskalia.

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:
-2010: Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume)
-2011: Itxaso Araque, Damutzen ez direnak
-2012: Garbiñe Ubeda, Hobe isilik
-2013: Garazi Kamio, Orube abandonatuak
-2014: Jasone Osoro: 12etan bermuta
-2015: Miren Gorrotxategi: 33 ezkil
-2016: Katixa Agirre: Amek ez dute
-2017: Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz
-2018: Eneko Barberena: Afrikanerrak
-2019: Idoia Garzes: Mendiko gaitza
-2020: Lander Garro: Faith
-2021: Mikel Alvarez Sarriegi: Euskalia

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina