Martxan dago Andra Mari jaiak iragartzeko kartel lehiaketa

0

Urtero modura, aurten ere lehiaketa bidez erabakiko da Ondarroako Andra Mari jaiak iragartzeko kartela zein izango den. Gaia librea da eta edozeinek hartu dezake parte. Pertsona bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake. Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa.

Teknika edozein izan daiteke, eta kartela A3 neurrian aurkeztu behar da. Euskarri gogorrean edo paperean aurkeztu daitezke kartelak. Kartelean, honako hau agertu behar da: 2023ko ONDARROAKO JAIAK, eta letra txikiagoan, Andra Maixak. Abuztuaren 11tik 17ra.

Kartelak non eta noiz aurkeztu:

  • Epea: 2023ko uztailaren 13ko 13:00ak baino lehenago.
  • Tokia: Udal Erregistro Orokorra (Alamedako bulegoak) edo Ondarroako Egoitza Elektronikoa.
  • Postaz aurkezteko helbidea: Ondarroako Udala – Jaietako kartel lehiaketa 2023- 48700 Ondarroa.

Kartela zer-nola aurkeztu:

Kartelek ez dute jasoko egilearen izenik, eta kartazal zarratuan sartuta aurkeztuko dira; kartazalean soil-soilik leloa edo goitizena ipiniko da.

Kartazal horren barruan beste kartazal bat sartuko da eta horren kanpoan ere leloa edo goitizena ipiniko da. Gutunazal honen barruan, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta nortasun agiriaren kopia sartu beharko dira.

Epaimahaia:

Ondarroako Udalak aukeratuko du kartelik onena sarituko duen epaimahaia. Aurkeztutako lanek ez badute behar den besteko kalitaterik, epaimahaiak erabaki dezake saririk ez ematea.

Lehiaketa irabazten duen kartelaren jabetza Ondarroako Udalak eskuratuko du, eta eskubidea izango du argitaratzeko, zabaltzeko eta abar. Saritu gabe geratzen diren kartelak egileen esku geratuko dira abuztuaren 4ko 14:00ak arte.

Lehiaketaren irabazleari zuzenean jakinaraziko zaio Ondarroako Udaletik bera izan dela irabazlea. Horrekin batera, udalaren webgunean (udalbarriak.eus) eta sare sozialetan ere zabalduko da nork irabazi duen lehiaketa.

Lehiaketan parte hartzen duten guztiek ontzat jotzen dituzte aipatutako arau guztiak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina