2024rako ordenantza fiskalak onartu ditu Ondarroako Udalak, %3ko igoerarekin

0

Azaroaren 9ko ez-ohiko udalbatzan onartu ziren 2024rako ordenantza fiskal berriak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ/PNVren abstentzioarekin. %3ko igoera hori udalaren eskumenak diren zerga, tasa eta prezio publikoei aplikatuko zaie.

Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak aitortu du, zerbitzu publikoen hobekuntzara bideratutako igoera izango dela %3ko hau. Nahiz eta udalaren finantziazio iturri nagusia den Udalkutxa foru-funtsetik iaz baino diru gehiago jasotzeko aurreikuspena egon, 2024rako udalak dauzkan proiektuei heltzeko eta oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko hartu da erabaki hau. Zerbitzu publikoen hobekuntza horien oinarrian daude berdintasuna, justizia soziala eta trantsizio ekosoziala. “Ezinbestekoa da nahiko baliabide edukitzea gure herrian babes soziala bermatu ahal izateko eta udal politika publikoak garatzeko”. Aitor Basterretxea Alberdi EAJ/PNVko bozeramaileak euren abstentzioa azaldu zuen: “2024 urte konplikatua dator. Ez dugu ikusten beharrezkoa %3 igotzea, baina ez dugu aurka bozkatuko. Uste dut udalak bere gain hartu dezakeen zama dela, udalaren egoera ekonomikoa oso ona baita”.

Udal gobernuaren asmoa 2024ko aurrekontuak ahalik eta lasterren onartzea da, beraz, urtero geratu ohi den aurrekontuaren soberakina txikiagoa izatea da datorren urterako aurreikuspena. “Urtea hasierarako 2024ko udal aurrekontua onartuz gero, dirua arinago egongo da erabilgarri, eta horrek gehiago eta hobeto inbertitu eta urte amaierako soberakina handia ez izatea ahalbidetuko digu”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina