Udalak 12 milioi euroko aurrekontua onartu du, kontrako botorik barik

0

Ondarroako Udalak 12.028.738,23 euroko aurrekontua onartu du 2024 urterako. EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ/PNV abstenitu egin da. Iazkoa baino %12 txikiagoa da aurtengo udal aurrekontua (iazkoa 13.759.310,17 eurokoa izan zen). Alde hori iazko aurrekontutik Andra Mari parrokiari eman behar izan zitzaion ia bi milioiko kalteordainari dagokio. “Aurrekontu erreal batera itzuli gara aurten. Iazko zenbakiak lotuta zeuden hasieratik ordaindu beharreko kalteordaina zela eta”, azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Udalbatzan esan modura, aurrekontuak arinago onartzea zen udal gobernuaren asmoa, baina gorabehera batzuk tarteko ezin izan da lehenago egin. Iaz ere garai honetan (maiatzaren 24an) onartu genituen eta aurten ere horrela egin dugu. EAJ/PNVko bozeramaile Aitor Basterretxea Alberdik esan zuen ez dutela eduki aurrekontu proposamena aztertu eta ekarpenak behar modura egiteko astirik, aste bete hain zuzen. “Gu udalera gehitzera gatoz, ez trabak ipintzera eta gurea beti izango da ekarpenak egitea, baina nekeza da horrela ekarpenak egitea”. Alkateak erantzun zien jakitun dela horretaz eta ahaleginduko direla hurrengoan beste epe tarte batzuetan egiten. EAJ/PNVtik bigarren azpimarra bat ere egin nahi izan zuten: “edukira sartu gabe, uste genuen zentzu politiko bat edo lau urterako estrategia bat markatuko zuela aurrekontu honek”. Alkatearen erantzuna izan zen arrazoia ematea Basterretxeari, “Ogasun Batzordean ere hitz egin genuen modura guk ere arinago atera nahi izan genuen. Urtarrilerako atera nahi genituen, baina gorabehera batzuk tarteko, ezinezkoa izan da. Gustatuko litzaidake urte amaierarako denon artean lanketa bat egin, ekarpenak egiteko aukera izan eta urte hasierarekin batera aurrekontu berriak onartzea”.

Urteko proiektu azpimarragarriei dagokienez futbol zelaiko aldagelen obra (dagoeneko exekuzio fasean dagoena, ia bi milioi euroko aurrekontuarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 500.000 euroko dirulaguntzarekin), Kamiñazpiko igogailuaren obrak hastea (lanak lizitaziora atera ziren baina ez zen inor aurkeztu) eta Berdura Plaza eraberritzeko proiektua dira aipatzekoak. “Hirurak egingo dira aurten; futbol zelaiko aldagelak martxa onean doaz eta Gabon bueltarako amaituta egotea espero dugu; Kamiñazpiko igogailuaren lanak aurten hasiko dira eta Berdura Plaza eraberritzeko proiektuaren idazketa ere kontratatuko dugu”.

Kamiñazpiko igogailuaren obrak berriro ere lizitaziora ateratzeko kreditu aldaketa ere onartu da udalbatzan, aho batez.

Gizarte Zerbitzuak dira aurrekontuetako oinarri bat. Lea Artibai Amankomunazgoaren bitartez ematen diren zerbitzuak bermatzeko, ingurumenekoa barne, 1.175.359,64 euro bideratuko ditu udalak 2024ko aurrekontuan. Horrez gain, Artibai egoitzako zerbitzua hobetzeko bi urterako kontratu berriak egingo dira aurten: fisioterapia eta terapia okupazionala, 16.743,33 euro urteko eta mediku zerbitzua, 45.165,78 euro urteko. “Geroz eta herri nagusiagoa daukagu, eta gizarte zerbitzuak sustengu garrantzitsua dira beraientzako. Hor ezin dugu murrizketarik egin. Are gehiago, zaintza sistema hobetzeko inbertsioak handitu eta azpiegiturak hobetu behar ditugu”.

“Horiez gain, arloz-arlo ere badaude hainbat proiektu azpimarragarri: euskara sailetik herriko idazleen eskutik sortzen ari garen Literatur Ibilbideak (28.000€), espazio publikoen antolaketan beste urrats bat emateko Mugikortasun Plana, aniztasunaren inguruan martxan dauden bi proiektu, bat Aztiker etxearen eskutik eta bestea euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko edo hezkuntza alorrean Zaldupe eskolan gauzatuko diren proiektu bi: bat Eusko Jaurlaritzarekin batera ikastetxeko ateak aldatzekoa (%40 eta %60ko finantziazioarekin) eta bestea eskolaren eraikinean efizientzia energetikoa lortzekoa”.

Guzti hauez gain, ohiko diru partidek bere horretan jarraituko dute: 100.000 euro inguru Andra Mari jaietarako, Augustin Zubikarai nobela bekarako beste 8.000 euro, dirulaguntza deialdietan esleitu ohi diren kopuruetan ere ez da beherakadarik egongo (EAJ/PNVk plan estrategikoa gaur egungo beharrizanetara egokitzeko beharra azpimarratu zuen), Literatur Amuak, Etxelila, Zaldupe udal kiroldegia… Aipatzekoak dira baita ere udalaz gaindiko erakundeen bitartez eskaintzen diren zerbitzuetara bideratzen diren partidak, esaterako, Lea Artibai Landa Garapen Alkartearentzat 12.000 euro eskualdeko jaietarako Gababus garraio zerbitzua bermatzeko gazteei.

Aurrekontuaren beste zati handi bat pertsonalari dagokio. Arlo honetan, udala gauzatzen ari den egonkortze prozesuek ere izango dute isla. Behin behinekotasun tasa murrizteko helburuarekin eta udal-lanpostuak egonkortzeko asmoz hainbat prozesu ipini dira martxan aurten, eta beste batzuk ere ipiniko dira: udaltzainen hiru lanpostu finkatzeko prozedura propioa, bi administrari plaza, beste bi administrari laguntzaile plaza, garbiketako lau operario, administrazio orokorreko teknikari bat eta Artibai egoitzako zuzendari postua, erizain bi eta operario bi. Horiez gain, oposizio bidezko beste lanpostu batzuk ere martxan ipini dira: giza baliabide eta antolaketa teknikaria, brigadako enkargatua eta arkitektoa.

Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak esan du udal gobernuaren nahia dela datorren urteko aurrekontuak arinago onartzea, eta hori lortzeko lan egingo dutela.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina