Ondarroa Arraun Elkartearen 50. Urteurrena ospatzeko antolatutako Arraun Ondarru proiektuak dokumentala, erakusketa eta banderen kalejira antolatu ditu egitasmoari amaiera borobila emateko; horietatik lehenengoa, dokumentalaren proiekzioa, udalak antolatu du. Arraun Ondarru ekimena, herri-ekimen bat da, eta boluntarioz osatutako lauzpabost lagunez osatutako taldea ari da aipatutako ekimena gidatzen. Artxibo eta dokumentazio lan handiaren ostean, hiru ekimen hauek prestatu dituzte Gabonetako egitarauaren baitan, urte guztian zehar martxan izan duten egitarauari amaiera emateko.
Gabonetako egunetan egingo diren ekimen hauen aurkezpenean, Arraun Elkartearen sorreran berebiziko garrantzia izan zuten erakundeak gonbidatu nahi izan zituzten Arraun Ondarru ekimeneko kideek: Ondarroako Udala, Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradia eta Aurrera Kirol Elkartea.
Ekimenetan lehenengoa, Arraun Ondarru dokumentalaren aurkezpena izango da. Abenduaren 12an eta 13an, jendaurrean erakutsiko da Asier Rivera eta Jon Iriondo Gazte ondarrutarrek zuzendutako dokumentala, Ondarroako Udalak antolatuta. Lehenengo pasea, abenduaren 12koa, 19:00etan izango da Beikozinin eta gonbidapen bidez sartu ahalko da. Biharamunean, 20:00etan, herritarrei zuzendutako beste emanaldi bat eskainiko da. Bigarren saio honetarako sarrerak, Turismo Bulegoan daude eskuragarri, doan eta pertsonako lau gehienez.
Ezkerretik eskumara: Agustin Etxebarria (Arraun Ondarru), Ibon Bergara (Udaleko kirol zinegotzia), Koldo Azpiazu (Arraun Ondarruko kidea eta Arraun Elkarteko presidentea), Ainhize Garalde (Aurrerako idazkaria) eta Eusebio Arantzamendi (Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradiako presidentea).
Bigarren ekimena, urte luze hauetako laburpen gisa balioko duen erakusketa izango da, Ogibidetik kirolera, arrauna Ondarroan. Alamedako Udal Erakusketa aretoan, Bide Onera zinemako sarreran eta Artabide 21eko lokalean (lehengo Mapfre) egongo da ikusgai. Abenduaren 8tik 27ra bitarte egongo da zabalik, barikuetan eta asteburuetan, eta abenduaren 26an eta 27an ere bai. Barikuetan, 18:00etatik 20:00etara. Zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketa honetan, arraunaren historia errepasatu ahalko da, ogibide izatetik kirol bilakatzeraino. Aintzinako tresnak, arrauneko materiala eta beste hainbat altxor ikusi ahal izango dira. Erakusketak dirauen bitartean zaintza lanetan egoteko boluntarioak behar dituzte. Prest daudenek 660693061 telefonora deitu behar dute.
Amaiera emateko, abenduaren 30ean, kalejira egingo da Ibaiondotik Musika Plazaraino, 12:30ean hasita. Kresala Musika Bandak gidatuta, kalejiran aterako dituzte Arraun Elkarteak 50 urtetan irabazitako 125 banderak. Musika Plazan egingo den ekitalditxo batekin emango zaio amaiera ekitaldiari.