Eguazteneko 12:00etan (martxoak 27) aterako da Itsasaurre plazatik Mikel Osa kirolari ondarrutarra Malagarantz (Espainia). Helburua, ELA gaixotasunari ikusgarritasuna ematea da eta horretarako 1.200 kilometro egingo ditu sei egunetan. Bera bakarrik joango da Malagaraino, bizikletan eta gauza guztiak aldean hartuta.
Instagram bidez jarraitu ahalko da bidaia, bai Osak eta bai Anhela elkarteak egunero argitaratuko dituzten posten bidez. Horrez gain, egunero komunikatu bat ere igorriko du Mikelek, elkarteak prestatutako idatzi bat.
Anhela elkartearekin landutako proiektua izan da. Malagarainoko bizikleta bidaiak behin baino sarriago egin dituen arren, oraingoa berezia izango da, ELA gaixotasunaren ondorioz galdu zuen lagun baten oroimenez egingo baitu: “Muskizkoa zen bera eta lagun handia nuen, eskiatzen eta beste jarduera batzuetan ibiltzen ginen elkarrekin, eta ELA gaixotasunarekin hil zen. Bizikleta martxa solidarioa egingo dut, ikusgarritasuna emateko”.
Sei etapatan banatuko du bidaia Mikel Osak, egunean 200 bat kilometro eginaz sei bat ordutan. “Bandera handi bat izango da nire erakusgarria, eta herri garrantzitsuetara edo jendetsuetara iristean bistan eramango dut bandera hori; hori izango da nire ikurra”.
Anhela elkartearen helburua, ELA gaixotasuna dutenei laguntzea eta ikusgarritasuna ematea da. Mikelek, Getaria-Zarautz igeri lasterketan ezagutu zituen elkartekoak eta han sortu zen ideia. Anhelako kideek Cambril eta Calafat (Herrialde Katalanak) arteko 23 kilometroak egingo dituzte igerian maiatzaren 11an, hau ere ikusgarritasuna emateko ekintza solidario legez, eta Mikelek ere parte hartuko du erronka horretan: “aspaldian igerian nabil, distantzia luzeetan, eta nire helburua 23 kilometro horiek egitea izango da. Aukera dago erreleboka egiteko ere, baina nire nahia 23 kilometroak nik neuk egitea da”.
Ondarroako Udaletik dei egiten diegu herritarrei eguaztenean 12:00etan Itsasaurrera gerturatu eta Mikeli bidaia ona opatuz irteera bero bat ematera.