Arrigorriko gordailua bete egin da eta erabiltzaile gehienek begi onez ikusi dute lehentasunak ezartzea

0

Arrigorri hondartzan aulkiak, besaulkiak, eguzkitakoak eta umeen jolasak uzteko gordailua iaz bete zen lehen aldiz. Iazkoa ikusirik, aurten, lehentasunak ezartzea erabaki du udalak, herriko pertsona nagusi askok ezin izan baitzuten materiala Arrigorrin utzi, horrek suposatu zien arazo guztiarekin. Iaz gertatutakoa aulki, besaulki edo antzekoak hondartzara eramaten dituzten erabiltzaile kopuruaren hazkundeari dagokio. “Orain arte gertatu gabe zegoen halakorik, baina iazkoa ikusita erabaki bat hartu beharra geneukan”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Iazkoa ikusita, bi neurri hartu ditu udalak: lehenengoa, gordailuaren espazioa ahalik eta gehien handitzea, eta bigarrena, lehentasunak ezartzea beharrizanen arabera. Erabiltzaile gehienek begi onez jo dute erabakia, batez ere 70 urtetik gorako nagusiek, beraiek baitira arazo gehien dituztenak aulkiak edo besaulkiak hondartzara eramateko: “sistema bat ezarri beharra zegoen, eta argi geneukan lehentasuna adineko pertsonek eta aniztasun funtzionala zeukatenek izan behar zutela, beraiek baitira zailtasun gehien daukatenak”. Herritar batzuen kexak egon badira ere, gehienen iritziz hartutako erabakia ona izan da, herritarrek ulertu dutelako lehentasunak horrela ezartzea: “nik ez dut gordailuan nire aulkia uztea lortu, baina uste dut zentzuzkoa dela lehentasuna herriko nagusienek izatea. Guretzat erosotasun bat da aulkia hemen uztea, beraientza, ia-ia beharrizana”, esan du hondartzako sarreran erabiltzaile batek.

Gordailuaren zerbitzua zabalik dago gaurtik aurrera, egunero, 10:00etan hasi eta 21:00ak arte. 500 aulki edo besaulki hartu dituzte.

“Badakigu halako erabakiak ez direla denen gustokoak, baina hartu beharrekoak dira. Oso hondartza gutxitan eskaintzen da zerbitzu hau, eta gurean horrela mantentzea garrantzitsua dela uste dugu, baina jakinda gordailua bete orduko lehentasunak ezartzea garrantzitsua dela”, azpimarratu dute udal ordezkariek. Urteetan ez da arazorik egon eskaera guztiak onartzeko, baina orain bete egiten da gordailua, beraz, beharrezkoa da antolaketa bat.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina