Euskara eta kulturen arteko komunikazioa Hezkuntza komunitatearekin lantzeko proiektua abiarazi du udalak

0

Euskara eta kulturartekotasuna izena du proiektuak. Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bultzatuta ematen ari dira emateln lehen urratsak, euskara ardatz hartuta geroz eta aldakorragoa den ingurune batean komunikazioa errazteko.

Herriko errealitatea aldatuz doa, gero eta hiztun berri gehiago bizi dira Ondarroan, herri desberdinetatik etorriak eta hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen dutenak, baina ez euskara. Errealitate horren jakitun, kezka sortu da herri euskaldun izaten jarraitzea nahi dugulako eta zerbait egin beharra somatu da udalean. 

“Ondarroan eta udalerri euskaldun askotan antzeko errealitatea bizi dugu. Urte luzez ari gara euskara esparru guztietara zabaltzeko ahaleginetan. Hezkuntza komunitatea bete-betean harrapatu du errealitate aldakor horrek; izan ere, euskaraz komunikatzen da komunitatea, hala nahi du segi eta, aldi berean, bizilagun berriekin harremanak izan. Hortaz, euskara erdigunean jarrita, komunitateen arteko komunikazioa errazteko eta elkarrekintzak sustatzeko ematen ari dira urrats berri batzuk”.

Badira urte batzuk lanketa hori egiten hasi zela udalerri euskaldun askotan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen bitartez, bertako ikastetxeetan. Ondarroan, Zaldupe ikastetxeak adibidez, 2021ean hasi zen lantzen. Aurten, ostera, Ondarroa BHI eta Zubi Zahar herri ikastolan ari dira urratsak ematen 2024-2025 ikasturteari begira.

Egitasmoak hiru zutabe ditu: euskarari eustea herriko eta hezkuntza komunitateko komunikazioetan. Beste bat da guraso guztien parte hartzea bermatzea. Eta hirugarrena, euskara ulertzen ez dutenei komunikazioa bermatzea; betiere, euskara erdigunean jarrita. 

Lanketa bera egina dute edo egiten ari dira Zaldibian, Aizarnazabalen, Zestoan, Orion, Azpeitian eta Markina-Xemeinen, UEMAren eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen laguntzarekin. 

Egunotan proiektua azaltzen egon dira Ondarroan UEMAko teknikariak hezkuntza komunitatean martxan dauden proiektu horien nondik norakoa. 

Komunikazioa eta erremintak 

Aldibereko itzulpena egitea edota mezuak euskaraz bidali eta hartzaileak bere hizkuntzan jaso ahal izatea ahalbidetzen duen sistemak daude gaur egun, eta horretaz baliatzen dira proiektuaren parte diren ikastetxeak eta eragileak; hala nola, gurasoen arteko edota ikastetxe barruko komunikazioan, bileretan, hitzaldietan eta abar. 

Euskara ardatz dela komunikazio moduak aldatzea eta besteei komunikazioa bermatzea bai, baina hori baino gehiago da proiektu hau. Bizilagun berriek jakin behar dute zer egoeratan dagoen euskara eta zelako ahalegina egiten ari garen gure hizkuntza normaltzeko, marko horren barruan planteatzen ari dira proiektu horiek guztiak, alegia, hizkuntzaren garrantziaren zergatiaz, euskararen garrantziaz, hitz egin nahi dugu. Azaldu nahi dugu euskaraz funtzionatzen jarraitzea zergatik den garrantzitsua. Horrek ez du esan nahi beste hizkuntzei lekurik egingo ez diegunik, eta horretarako moduak bilatuko dira, gaztelaniaz gainera, beste hizkuntza batzuk ere badaudela jabetuz eta kontuan hartuz. Guretzako garrantzitsua da ulertzea zergatik hartzen diren erabaki hauek eta zergatik den garrantzitsua Ondarroan eta gure moduko beste herri euskaldun askotan euskaldun izaten jarraitzea eta hizkuntza zaintzea.

Interesa eta parte hartzea 

Alde guztien, euskal hiztunen eta euskal hiztun ez direnen parte hartzea, interesa eta ardura eskatzen duen egitasmoa da Euskara eta Kulturartekotasunarena. Eta martxan jartzeko eta bidean aurrera joateko talde indartsu bat egon behar da atzean.. 

Alde baten zein bestearen “elkarrekikotasun ariketa bat da”. Gure ikastetxera datozenean, haiek etxean zer hizkuntza hitz egiten duten ba al dakigu? Galdetzen al diegu? Besteei ere begiratzen diegunean, besteei ere garrantzia ematen diegunean, beste pertsonak indartu egiten dira, eta haiena ere kontuan hartzen dugula konturatzen dira. Era horretara, haiek ere gurea kontuan hartzeko prest azaldu daitezke”. 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina