Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko eguna

0

Kontzentrazioan irakurritako adierazpena:

Gaur, 2016ko martxoaren 8 honetan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, oraindik ere mundu osoko emakumeok milaka arrazoi ditugu emakume izate hutsagatik pairatzen dugun diskriminazio, esplotazio eta indarkeriak salatu eta borrokatzeko.

Horien artean, beraien etxe eta bizimodua atzean utzi eta beste herrialde batzuetara babes bila joatera behartuak izan direnen egoerak. Azken hiletan albiste diren errefuxiatuen egoera horiek. Jakin badakigu egoera larri horietan emakume eta neskatoak babesgabeenak direla.

Ezin dugu ahaztu, Amnistía Internacional erakundeak txostenen bidez ohartarazitakoa: emakume eta neskato errefuxiatuek eraso fisikoak, esplotazioa eta sexu-jazarpena jasaten dituztela Europan zehar egin beharreko bidaian pasatzen dituzten herrialde guztietan. Txostenaren arabera , eraso horiek kolektibo guztietako gizonen aldetik gauzatzen dira, inkluso babesa emateko prest agertzen direnen aldetik edo-eta haiekin batera mugitzen ari diren errefuxiatuen aldetik ere.

IMG-20160308-WA0027

Baina gogorarazi dezagun: egoera hau ez da berria. Migrazio mugimendu guztietan erasoak eguneroko gogor horien gehigarri dira emakumeentzat. Esaterako, Estatu Batuetara migrazio-prozesua egiten duten emakumeen %70ak bortxatu egiten dituzte bidean. Bidaia honetako protagonistak bortxaketa egoeren jakitun dira eta “Mexikoren aurkako injekzioa” deritzoten iraupen luzeko antisorgailua hartzen dute bidaiak dakartzan arrisku gehigarriei aurre egiteko.

Eta beste horrenbeste gertatzen da “emigrante ekonomikoak” deritzen emakume afrikarrekin. Bizia arriskatzen dute muturreko pobrezia eta bizi-baldintza eutsiezinetatik ihes egiteko. CIE zentroetan harrapatuta edo zeharkatu beharreko herrialdeetan noraezean, bidean aurkitzen dituzten gizonen indarkeria pairatu behar izaten dute.

Hala ere, txanponaren beste aldean, emakumeen artean eraikitako elkartasun eta sare itzelak ditugu. Esaterako, Patronakburdinazko piztia” izeneko trenean Mexikotik pasatzen diren gizon eta emakume immigranteei janaria, laguntza eta elkartasuna emateko antolatutako emakume taldea. Heriotza eta bizitza aurrez aurre.

Guk geurean ere, etorkin guztiei harrera ematen zaiela bermatu behar dugu, ezezagunari beldurra izatera kondenatzen gaituzten diskurtsoak gainditu behar ditugu, enpatiazko jarreraz, babes gune eta beraien etxe bilakatu behar dugu geurea. Gure betebeharra da nazioartean adostutako tratatuak eta komunitate nahiz nazio mailako migrazio eta babesari buruzko arauak errespetatuak izatea exijitzea. Asilo-eskatzaile guztientzako bidaia-ibilbide seguruak bermatze eskatu behar dugu. Eta erakunde humanitarioek errefuxiatuen kanpalekuetan eta bestelako lekuetan emakume eta neskatoen egoera kontrolpean daukatela bermatzea exijitu behar dugu.

Gizon eta emakume horiek beren seme-alabak eta beren ekipaje eskasa aldean doazela ikusten ditugunean, pentsatu behar dugu gu ere egon gintezkeela egoera horretan. Emakumeok badakigu zer da bigarren mailan egotea, kanpoan geratzea; horregatik jarraitzen dugu sistema patriarkala salatzen, hori delako gizon eta emakumeen arteko berdintasunik ezaren oinarria.

Horregatik, Martxoaren 8a aprobetxatu nahi dugu gizakion arteko hierarkiak ezartzen dituen edozein sistema salatzeko eta 10 minutuko isilune bat egitea eskatzen dizuegu bide luze eta bortitz horretan dauden emakumeekin elkartasuna adierazteko.

IMG-20160308-WA0026

 

 

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina