Harririk erortzen ez den gunea babesteko horma jarriko dute gaur
Kamiñaldeko lubiziak sortutako arazoei aurre egiteko larrialdi plana aktibatu du Ondarroako Udalak. Horrekin batera, harririk erortzen ez den gunea babesteko horma bat jarriko du Udalak. “Badaezpada ere etxea babesteko horma bat jarriko dugu, kaltea ahal den neurria gutxitzeko” azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Gaur goizean hasi dira etxea babesteko lan hauek.
Plana aktibatu aurretik, Udalak gunea babestu, jendea arriskua duten etxeetatik atera eta 112-arekin harremanetan ibili da lanean. “Orain arte plana ofizialki aktibatuta egon ez bada ere, planean jasotako urrats guztiak bete ditugu, baina orain egoeraren larritasuna ikusita, larrialdi plana ere aktibatzea erabaki dugu” adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
Oraindik teknikoak lanean ari dira lur jausiaren egoera aztertzen eta udalak ezin du jakin herritarrak noiz bueltatu ahal izango duten beraien etxeetara. “48 orduko epea eskatuko digute teknikariek lurraren progresioa aztertzeko, epe hori pasatutakoan herritarrekin bilduko gara bihar 16:00etan eta egoeraren berri emango diegu”. Bitartean kaltetuentzako arreta zerbitzua martxan dagoela gogorarazi du Ondarroako Udalak. “Zalantzak argitzeko edo laguntza eskatzeko 8:00etatik 15:00etara idazkaritzan arreta eskaintzeko pertsona bat egongo da” azaldu du Bedialaunetak. Telefono bat ere eskuragarri jarri dute: 94 683 36 76. Arreta zerbitzuan gehien jaso den kezka lapurreten arriskuari buruzkoa izan da. “Udalak gunea zainduta dauka gau eta egun” gaineratu du Bedialaunetak.
Beste lokalen moduan Lanbideko bulegoa ere hustu behar izan dute. Hori dela eta, Lanbideko erabiltzaileak inguruko herrietara joan beharko dutela jakinarazi du. Ondarroako bulegoa itxita dagoen bitartean Durango, Elgoibar, Eibar eta Gernikako bulegoetara joan edo beraien zalantzak telefonoz argitu beharko dituzte erabiltzaileek.